Tubos Reunidos enpresa erosteko interesa duen Weslpun taldeak Trapagarango enpresa-batzordearekin astelehenerako hitzordutako bilera atzeratu egin du. Arrazoi nagusia SEPIrekiko zorraren egoera aztertzeko denbora gehiago behar duela. Europako Batasunak enpresaren salerosketa baldintzatu duen txosten bat egin du eta sindikatuekin bildu baino lehenago egoera berria aztertu nahi du Indiako enpresak. Txosten horretan ondorioztatu da legez kanpokoa litzatekeela Tubos Reunidosek SEPIrekin duen 150 milioi inguruko zorra kentzea. 2022an SEPIk enpresa erreskatatu zuen eta orduz geroztik zorra izan du. Europako Batzordeak ohartarazi du zorra enpresaren ekoizpen unitateen salmentara ere hedatzen dela.
Txosten horrek eta zorraren egoerak, erosketaren prozesua zaildu egin dezakete. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregik atzo ohartarazi zuen zorra dela oztopo nagusia Tubos Reunidosen etorkizunerako, inbertitzaileek ez baitzuten aurreikusten beren gain hartu beharko zutenik. Welspun Groupek Tubos Reunidos erosteko interesa mantendu duela jakinarazi du, baina ikusteke dago zer gertatu daitekeen prozesuan dauden beste eskaintzekin. Indiako enpresa Tubos Reunidosek Amurrion, Trapagaranen eta Langraiz Okan dituen lantegiak bereganatzeko aukera aztertzen ari da. Beste hautagai batzuk Trapagaraneko lantegian agertu dute interesa bakarrik. Zorraren egoera argitu bitartean, hautagaiek abenduaren lehen astera arte izango dute behin betiko eskaintzak aurkezteko aukera.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta