BBVAk 7.978 milioi euroren irabaziak izan ditu 2025eko lehen bederatzi hilabeteetan; iazko epe berean baino %4,7 gehiago. Finantza erakundearen guztizko diru-sarrerak (marjina gordina) %3,7 hazi dira urtarriletik irailera bitartean, 27.136 milioi euroraino. Kopuru horretatik, interes garbiengatiko sarrerak (interesen marjina) 19.246 milioi eurokoak izan dira, iaz baino %2 gehiago. Halaber, 6.071 milioi erdietsi ditu komisio garbiengatik, %5,5.
Porrot gogorra izan zuen BBVAk orain aste batzuk, Sabadell bankua erostea ez baitzuen lortu, hilabete asko eragiketa horren atzetik ibili arren. Bankuak bere plan estrategikoaren “irmo” jarraituko duela adierazi du Onur Genç kontseilari delegatuak. Hala, bihartik aurrera 993 milioi euroko balioa duten akzioak berrerosten hasiko da BBVA, eta beste berrerosketa bat jarriko du martxan, behin EBZren onespena jasotzean.
Irailera arte, bezeroei emandako maileguak eta aurrerakinak %12,6 handitu ditu, iazko epe beraren aldean. Denera, 447.901 milioi eurokoak izan dira. Era berean, enpresei emandako kredituak %5,9 hazi dira, eta norbanakoei emandakoak %4,2.
Bankuak azaldu duenez, Mexiko izan da irabazi gehien sorrarazi dizkion herrialdea. 3.875 milioi euroko mozkinak lortu ditu bertan (iaz baino %7,6 gutxiago), eta marjin garbia 11.124 milioi eurokoa izan da. Espainian, aldiz, 3.139 milioi euro irabazi ditu, iazko epe berean baino %10,5 gehiago.