Eusko Jaurlaritzak onartu egin du Finantzen Euskal Institutuaren lege proiektua

Legeak indartu egin nahi du 2007an sorturiko institutuaren papera

Gobernu kontseiluko bilera | Argazkia: Irekia Gobernu kontseiluko bilera | Argazkia: Irekia

Adegiren Batzar Nagusian aurreratu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak albistea, eta gaur gauzatu egin da. Eusko Jaurlaritzak onartu egin du Finantzen Euskal Institutuaren lege proiektu berria, gaur eginiko gobernu kontseiluan. Horren bitartez, indartu egin nahi du entitateak finantzazio publikorako tresnen kudeaketan duen rola.

Finantzen Euskal Institutua 2007an sortu zuen Jaurlaritzak politika finantzario eta kreditu publikoaren kudeaketa hobetzeko, baina 2013tik apustu nabarmena egin du entitatea sendotzeko asmoz. Bi izan ohi dira bere funtzio nagusiak. Batetik, enpresei kreditu eta abalak ematea. Bestetik, enpresen jabetzan eta akzioetan parte hartzea, Finkatuz programaren bitartez, errotzea bermatzeko. Adibidez, iazko urrian hitzarmena sinatu zuen Bain Capital inbertsio funtsarekin ITP Aeroren akzioen %6 eskuratzeko, negoziazio prozesu luze baten ostean. Izan ere, jabe berria ITPko egoitza Zamudion mantenduko ez zuen beldur zen, besteak beste.

Hain zuzen, lege proiektuak erakunde mailako antolaketa koordinatua ezarri nahi du eta institutuaren tresnak enpresen beharren arabera "ordenatzen" ditu, tamaina eta garapen fasea kontuan hartuta. Era berean, beste zeinbait alderdi biltzen ditu lege proiektuak: institutuaren egoitza edo erregimen juridikoa, funtzioak funtzionamenduak eta ekiteko printzipioak, gobernu-organoari eta egiturari loturiko askotariko alderdiak, erakundearen baliabide ekonomiko zein pertsonalak eta haren erregimen ekonomikoa.

Lege proiektua onartuta, Parlamenturako bidea egingo du, bertan izapidetu eta onartu dadin.

Informazio gehiago
Banka publikoaren afera: estatuak eragin al dezake finantza sisteman?
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK