Euskal Autonomia Erkidegoko finantza eta kapital ekosistemak “osasun ona” du. Hala dio behintzat Marco Pineda Sidenorreko zuzendari orokor eta atzotik Mirai funtseko zuzendari nagusi berria denak. Ikuspegi makro batetik begiratuz gero, finantza egoera onean dira tokiko enpresak, zoom egitean, ordea, ikusten dira zenbait arrakala.
Atzo, Bilboko Euskalduna Jauregian, Cebek, Elkargi eta Basquefik klusterrak antolatuta, EAEko finantza munduaren nondik norakoak aztertu zituzten Euskal enpresaren kapitala eta ekonomia. I. Finantza Barometroa izeneko topaketan. Bertan izan ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresaburu eta finantza ekosistemako eragile ugari, baita Noel d'Anjou Jaurlaritzako Finantza eta Ogasun sailburua eta Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatua.
Guillermo Buces (Cebek): “Enpresen ehuneko esanguratsu batek uste du finantzazioaren kostuak okerrera egin duela azken hamabi hilabeteetan”
Topaketan, finantza sailburuak adierazi zuen enpresen kapitalizazioak “geroz eta garrantzia handiago duen garai batean” gaudela, eta euskal enpresek kapital egitura sendoak izatearen garrantzian jarri zuen azpimarra. Bere hitzetan, konpainiek kapitalizazioa finantzazio iturri osagarri gisa erabili behar dute, bestelako finantzazio tresnekin uztartuz.
Hain zuzen, enpresen hazkundea bermatzeko finantzazio iturriak dibertsifikatzea gakotzat jo zuten atzo Euskaldunan eginiko ekitaldian hitz egin zuten adituek, eta Guillermo Buces Cebeko presidenteak patronalak ondutako “finantza barometroaren” emaitzak eskaini zituen. Azterlanaren arabera, lurraldeko enpresen erdiak baino gehiagok inbertitzeko asmoa du etorkizun hurbilean. Halaber, konpainien gehiengoak kanpo finantzaziora jo du azken hilabeteetan bere aktibo zirkulatzaileari eusteko, hau da, eguneroko kostuei aurre egiteko, eta baita inbertitzeko ere
Enpresen hazkundea bermatzeko finantzazio iturriak dibertsifikatzea gakoa da
“Enpresen ehuneko esanguratsu batek uste du finantzazioaren kostuak okerrera egin duela azken hamabi hilabeteetan”, azaldu zuen Bucesek. Bere ustetan, kapitalizazioa da enpresek “gainditzeko duten ikasgai nagusia”, izan ere, funts propioetan kanpoko kapitala txertatzearen beldur dira tokiko enpresak, eta horrek euren hazkundea mugatzen duela uste du.
Enpresa askotan profil finantzarioa duten langileak falta direla eta arlo horretako formakuntza indartu behar dela ere esan zuen Cebekeko buruak. “Datuak erabaki bilakatu behar ditugu, finantzaziora sarbide eraginkorragoa izateko”.
Geroz eta finantzazio tresna gehiago
Pinedaren hitzetan, finantzazioa lortzeko sarbide hori gaur-gaurkoz “nahiko erosoa” da, interes tasak baxu daudelako eta finantza erakundeen berankortasuna “minimo historikoetan” dagoelako. Irabazi marjinetan ikusten du zer hobetua: “Ez dut esango krisian gaudenik, baina orain hiru urte enpresen marjinak handiagoak ziren. Inflazioak marjina horiek gutxitu ditu eta industria kolpatu du gehien”.
Sidenorreko zuzendari orokorraren arabera, finantzazioari dagokionez, bi enpresa-egoera nagusi identifikatu daitezke egun: ondo finantzatutako konpainiak eta gehiegizko zorra eta finantzazio plangintzarik ez dutenak. “Enpresa askori zorrak ez die proiektu eta inbertsio estrategikoa egiten uzten. Kritikoa da epe luzera inbertitzeko gaitasuna izatea. Enpresei zuhaitzek ez diete basoa ikusten uzten”.
Marco Pineda (Sidenor): “Ez dut esango krisian gaudenik, baina orain hiru urte enpresen marjinak handiagoak ziren. Inflazioak marjina horiek gutxitu ditu eta industria kolpatu du gehien”
Egun finantzazioa lortzeko "aldeko garaia" bada ere, “une txarragoak” iritsiko direla ohartarazi du Pinedak, eta enpresei gomendatu die finantzazio plangintza lantzea. “Finantza-plan bat izatea edozein enpresaren aurkezpen gutuna da. Finantza entitateek etorkizun bat ikusi behar diote enpresari bertan inbertitu ahal izateko”.
Epe motz eta luzeko finantzazioa izatea ere gakotzat jo du, baita finantza entitate desberdinekin harremana izatea. “Geroz eta finantzazio instrumentu gehiago ditugu eta eskaintza publiko-pribatuan izugarri aurreratu dugu. Beste lurralde batzuk ez dute guk hemen duguna”.
Iturrien dibertsifikazioa
Atzoko solasaldiaren erakunde antolatzailetako bat zen Elkargi eta erakundeko zuzendari nagusi Zenon Vazquezek ere parte hartu zuen. Pinedaren ildo beretik jo zuen, nabarmenduz finantzazioa lortzeko une onean aurkitzen dela EAEko enpresa ekosistema. “Azken 25 urteetan finantzazioaren bilakaera izugarria izan da”, esan zuen. Aitzitik, etorkizunera begira “prestatu” eta konpainiek likidezia izatearen garrantzia gogoratu zuen. Era berean, bere esanetan, industria sektoreko zenbait enpresek Elkargiri jakinarazi diote euren eskari zorroa apaltzen ari dela azkenaldian, eta hein horretan, Vazquezek azpimarratu zuen finantzazio iturri desberdinen atea irekitzea ezinbestekoa dela.
Finantzazio tresna gisa, zorra ere baliatu daitekeela azaldu zuen. “Finantzazioaren oinarri nagusia konfiantza da, proiektua ezagutzea, datuei buruz hitz egitea eta planteamendu estrategikoa aurkeztea. Industria sektorean proiektu eta prozesu bikainak ditugu, nazioartean punta-puntakoak direnak eta aprobetxatu egin behar ditugu”.
Zenon Vazquez (Elkargi): “Finantzazioaren oinarri nagusia konfiantza da, proiektua ezagutzea, datuei buruz hitz egitea eta planteamendu estrategikoa aurkeztea"
Azkenik, Basquefik klusterreko presidenteak, Jon Ander de las Fuentesek, hartu zuen hitza. "Euskadiren etorkizuneko lehiakortasuna, neurri handi batean, gure enpresen finantza-egitura indartzen jakitearen araberakoa izango da", zioen. Testuinguru horretan, "bankuen finantzaketak giltzarri izaten jarraitzen du, baina kasu askotan, finantzaketa desblokeatzen duena ez da zor gehiago izatea, baizik eta konpainiaren balantzea aurretiaz indartzea: hau da, kapitala, tresna hibridoak eta iturri desberdinak uztartzea".