Laboral Kutxak ohiko batzar nagusia egin zuen pasa den larunbatean Donostiako Kursaal Jauregian. Iazko kontu ekonomikoak onartu eta 2026ra begirako kudeaketa planaren berri eman zuten bertan. Kreditu kooperatibak 305 milioiren irabaziak izan zituen iaz, eta Adolfo Plaza presidentea “oso pozik” agertu da iaz lortutako emaitzekin.
Larunbateko batzarrean azaldu zutenez, kooperatiba “bide egokian” doa, 2027ra begira Kontseilu Errektoreak ezarritako helburu estrategiko guztiak lortzeko. Finantza erakundea “egoera bikainean” dagoela esan zuen Plazak, eta azaldu zuen entitateak aurreikuspen onak dituela, “finantza-sektoreko erakunde guztiak murgilduta dauden jauzi teknologikoari aurre egiteko”.
Mondragon Unibertsitatearekin eta Ikerlan teknologia zentroarekin ondutako sinergiak ere aipatu zituen, besteak beste, Ikerlanekin lankidetzan ari baita, adimen artifiziala eta teknologia berriak ikertzen.
Xabier Egibar Laboral Kutxako zuzendari nagusia ere harro agertu zen entitatearen guztizko negozio bolumenak, kreditu-inbertsioa eta bezeroen baliabide kudeatuak biltzen dituenak, 50.000 milioi euroko maila gainditu zuelako iaz. Egibarrek aurreikusten du kreditu kooperatibaren irabaziak %5 inguru handitzea aurten, nahiz eta Ekialde Hurbileko gatazkak euren jardueran inpaktua izan dezakeela onartu. “Presio inflazionista argia”, “interes-tasetan goranzko tentsioak” eragiten dituena, eta, bestetik, “ekonomia globala geldiarazteko arrisku gero eta handiagoa”, ikusten ditu Egibarrek.
Finantza erakundearen emaitza ekonomikoen kontura, Plazak nabarmendu zuenez, “gure emaitzen muga apurtzera ohitzen ari gara, eta urtero gure negozio-errekorrak haustera”.
Aurrera begirako kudeaketa planari dagokionez, Laboral Kutxak bi zutabe nagusi ezarri ditu: alde batetik, epe laburra kudeatzeko “agenda lehiakor” bati heldu dio entitateak, hazkunde errentagarri ahalik eta handiena lortzera bideratuta, eta, bestetik, epe ertain eta luzean, Egibarrek konfiantza erakutsi du entitatearen eraldaketarako agendari begira, eta erakundearen gaitasun teknologikoetan eta talentuan “jauzi bat” egiteko helburua azaldu zuen.
Halaber, kooperatibak 2026an negozioa Katalunian hedatzea du lehentasun.