• IRITZIA
  • Robot humanoideak ez dira hainbesterako

Robot humanoideak ez dira hainbesterako

2026ko irailaren 18a - 05:30
Aitor Eguren Zuloaga

Denboraldi bat daramat robot humanoideen bideo ikusgarriak ikusten: dantzan, karate-ostikoak ematen… Aldi berean, etxean horrelako robot bat izango ote nukeen galdetzen duten argitalpenak irakurtzen ditut.

 

Niretzat erantzuna erraza da: nik egiten dudan gauza bera egiteko gai bada, poz-pozik izango nuke bat etxean. Hori bai, sukaldean egin behar du, ontziak garbitu, garbigailua jarri, arropa zabaldu, lisatu, komuna garbitu, oheak egin, kristalak garbitu eta mopa pasatu.

Zoritxarrez, robot humanoideak oraindik oso urrun daude horrelako zerbait egiteko gai izatetik.

 

Robotak izugarri onak dira zeregin errepikakorretan, baina objektuak berdin-berdinak izatea behar dute, eta haien posizioak zehaztasunez definituta egotea, bai jatorrizko puntuan, bai helmugakoan.

Zorionez, adimen artifiziala aukera berriak zabaltzen ari da VLM (Vision-Language-Action, Ikusmen-Hizkuntza-Ekintza) ereduei esker. Funtsean, sistema horiek robot bati zeregin bat egiten irakasteko gai dira, haren besoak eskuz gidatuz eta, aldi berean, bideoaren eta posizioaren informazioa erregistratuz. Prozesua gizakiok gauzak hartzeko dugun moduaren antzekoa da: objektua non dagoen ikusten dugu, eta gure eskua harekiko non dagoen behatzen dugu.

Teknologia horiek abiadura handian ari dira garatzen. Duela hilabete gutxi batzuk, bideo kopuru izugarria behar zen ereduak entrenatzeko; gaur egun, berriz, one-shot teknikekin —demostrazio bakar batekin ikastea— emaitzak lortzen ari dira.

Aurrerapena ikusgarria bada ere, oraingoz oso zeregin zehatzak egiteko baino ez dira gai —esaterako, eskuoihal bat tolesteko—, eta posizio-zehaztasun txikia eskatzen duten mugimenduekin.

Zehaztasun txiki horrek eta testuinguruz aldatzeko zailtasunak konplikatu egiten dute sistema horiek industria-ingurune gehienetan erabiltzea. Hala ere, badira sektore jakin batzuk —paketeen sailkapena edo arropa eta eskuoihalak tolestea, adibidez— non muga horiek ez diren oztopo, eta teknologia horiek hedatzeko agertoki ezin hobea diren. Hain zuzen ere, hor ari dira Theker bezalako enpresak aurrerapen handiak egiten.

Beraz, bai: robotika modu ikusgarrian ari da aurrera egiten, eta baikorra naiz. Baina, oraingoz, robot humanoideak ez dira hainbesterako, eta beldur naiz niri komunak garbitzen jarraitzea tokatuko zaidala oraindik denboraldi luze batean.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain