Bi inbertsio berri egin ditu Sidenor konpainiak Basaurin duen lantegian, biak ala biak deskarbonizazioarekin zerikusia dutenak. Orotara, 13,6 milioi euro erabili ditu: zatirik handiena, 13 milioi euro, altzairuaren fintze-prozesuan inbertitu ditu; gainerako 0,6 milioi euroekin altzairua berotzeko erabiltzen den labea berritu da.
Lehenengo inbertsioari dagokionez, helburua izan da instalazioak gas gutxiago erabiltzea altzairua ekoizteko, eta, hala, energia gutxiago kontsumitzea eta CO gutxiago igortzea. Horretarako, orain arte gas naturalarekin funtzionatzen zuen sistema aldatu dute, sistema elektriko bat ezarrita.
Beste 600.000 euroekin, aldiz, labeetako bat hobetu dute, zeina erabiltzen den altzairuari forma eman aurretik materiala berotzeko. Hobekuntzari esker, oxigenoa hobeto aprobetxatzen duen sistema bat gehitu dute, eta horrela labeak behar duen tenperatura lortzen du gas natural gutxiago gastatuta.
José Antonio Jainaga konpainiako presidenteak adierazi du emandako pausoak “giltzarri” direla deskarbonizazio prozesuan aurrera egiteko, eta gaineratu du enpresak “jasangarritasunaren aldeko apustu sendo eta irmoa” egiten jarraituko duela. Bi proiektuak gauzatu ahal izateko Jainagaren konpainiak Espainiako Industria eta Turismo Ministerioak bultzatutako Deskarbonizazio Industrialaren PERTE 2024 deialdian parte hartu du.