• BERRIKUNTZA
  • David Sánchez (Eroski): "Erosketa-prozesua phygital da gaur, online eta fisikoaren arteko nahasketa"

David Sánchez (Eroski): "Erosketa-prozesua phygital da gaur, online eta fisikoaren arteko nahasketa"

Eroskiren arduradun digitalak erosketa-esperientzia sinplifikatzearen alde egiten du

David Sánchez Bote GOen eginiko hitzaldian | Argazkia: Basque Culinary Center
David Sánchez Bote GOen eginiko hitzaldian | Argazkia: Basque Culinary Center
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko maiatzaren 11 - 05:30
Eg. 2026ko maiatzaren 11 - 09:29

Denda batean sartu, mugikorra begiratu, prezioak alderatu, adimen artifizial bati gomendioak eskatu, eta, azkenean, erosi: horrelakoxea da, gero eta gehiago, erosketa-esperientzia. Hain zuzen ere, GOe–Gastronomy Open Ecosystemek Donostian antolatutako Innovation Bites jardunaldian mahai gainean jarri zuten denda fisikoaren eta digitalaren arteko agertoki hibrido berri hau. Bertan parte hartu zuen David Sánchez Eroskiko Berrikuntza eta Garapen Digitaleko zuzendariak, zeinak aztertu egiten duen nola egokitzen ari diren elikadura-dendak aldaketa horretara, teknologiak zer eginkizun duen, eta zergatik jarraitzen duen denda fisikoak garrantzitsua izaten, funtzio berriak izan baditzake ere. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Zer da phygital kontzeptua eta zertan datza?

Phygital kontzeptuak gaur egungo aukera bati heltzen dio: pertsonak, beren erosketa prozesuan, etengabe sartu eta ateratzen dira kanal digital eta fisikoetatik. Esperientzia berean, produktu bat kontsultatu dezakete mugikorrean, dendan ikusi, berriro online konparatu eta, azkenik, erosi. Erosketa-prozesua phygital da gaur, online eta fisikoaren arteko nahasketa, eta bi inguruneen arteko elkarbizitza horrek definitzen du esperientzia. Retailer (txikizkako merkataritza) gisa, gure lana da prozesu hori ahalik eta errazena eta arinena izatea, marruskadurak murriztuz. Phygital kontzeptua sektorearena da gehiago erosleena baino; azken horrek jardun besterik ez du egiten eta erosteko erraztasunak espero ditu.

 

Bezeroek phygitalaren zein adibide ikus ditzakete egunerokoan?

Gero eta presenteago gaude bezeroa dagoen kanal digitaletan, hala nola, sare sozialetan eta plataformetan, non lehen retailak ez zuen presentziarik. Gainera, adimen artifiziala funtsezkoa izaten hasi da erosketa-laguntzaile gisa: bezeroak zer produktu aukeratu, zer irizpiderekin edo prezio-mugarekin kontsultatzen du, eta gomendioak jasotzen ditu. Etorkizunera begira, automatizaziorantz eboluziona dezake, non agente batek erosketa-erabakiak har ditzakeen erabiltzaileak emandako zenbait irizpideren arabera.

Zer muga daude adimen artifizialaren erabileran erosketak egiteari dagokionez?

Gaur egun, adimen artifizialeko ereduek informazioa bilatzen dute Interneten, baina ez daude zuzenean konektatuta enpresen sistemekin. Horrek esan nahi du ezin dutela beti bermatu produktuen eskuragarritasuna edo entrega-denborak. Ameriketako Estatu Batuetan urratsak ematen ari dira eredu horiek konpainien barne-sistemekin integratzeko, eta horrek aukera ematen du informazio fidagarria denbora errealean emateko eta elkarrizketa-ingurunea bera erosketa-kanal oso bihurtzeko.

"Denda fisikoa egokitu egin beharko da arlo digitalari lotutako rol berrietara, adibidez, merkataritza elektronikoko eskaerak prestatzera"

Zer berrikuntza ari da ezartzen Eroski phygital alorrean?

Pixkanaka, paperezko etiketen ordez etiketa elektronikoak erabiltzen ari gara, prezioak modu zentralizatu, azkar eta eraginkorrean eguneratzeko. Lineal digitalaren kontzeptuan ere lan egiten dugu, apalen egoera denbora errealean monitorizatzeko eta hutsuneak edo produktu falta detektatzeko. Horrek apalak berehala betetzea errazten du, eta eraginkortasuna hobetzen du, eskuzko berrikuspenean oinarritutako eredu tradizionalarekin alderatuta.

Innovation Bites jardunaldia | Argazkia: Basque Culinary Center
Innovation Bites jardunaldia | Argazkia: Basque Culinary Center

Zein etorkizun du denda fisikoak?

Denda fisikoak funtsezko etorkizuna du. Ez da desagertuko, eta ez du garrantzia galduko, baina egokitu egin beharko da arlo digitalari lotutako rol berrietara, adibidez, merkataritza elektronikoko eskaerak prestatzera. Merkataritza digitalak gutxiengoa izaten jarraitzen du Espainiako Estatuan, eta, beraz, denda fisikoak giltzarri izaten jarraituko du urte askoan, nahiz eta eboluzionatu egingo duen behar berriei erantzuteko.

Bilboko denda batzuetan martxan jarri duzue WhatsApp bidezko erosketa. 

Bai, Eroski Smart Shop izena du proiektu pilotuak, eta helburu du digitalaren eta fisikoaren arteko esperientzia hibridoa eskaintzea. WhatsApp bidez, bezeroak modu errazean egin dezake erosketa, nahi izanez gero, adimen artifizialak gidatuta, eta ordubete baino lehen bere etxean jaso dezake. WhatsAppeko AAk asteko menuaren planifikazioan ere laguntza eskaintzen du, egunerokoan zer erosi edo zer jan erabakitzen laguntzeko gai baita.

"WhatsApp bidez, bezeroak modu errazean egin dezake erosketa, nahi izanez gero, adimen artifizialak gidatuta, eta ordubete baino lehen bere etxean jaso dezake"

Aldatzen ari da kontsumitzaileek erosketa egiteko duten modua?

Aldaketa nagusia da pertsonek beren denbora optimizatu nahi dutela, atsegin duten gauzetan aritzeko. Erosketa, beharrezkoa izan arren, obligazio gisa hauteman daiteke. Horregatik, prozesuak errazteak eta denbora eta ahalegina murrizteak esperientzia hobetzen du. Hala ere, egongo da jendea aurrez aurreko erosketaz gozatzen jarraituko duena, jarduera propio gisa.