• BERRIKUNTZA
  • "Kolektibitatearen indarra" nabarmendu dute Emakumeak Zientzianen azken edizioan

"Kolektibitatearen indarra" nabarmendu dute Emakumeak Zientzianen azken edizioan

Bederatzi jarduera-ildo dituen ekintza plana aurkeztu zuten atzo eginiko topaketan, ekosistema zientifiko-teknologiko bidezkoago bat lortzeko asmoz

Atzo egin zen ekitaldia Donostiako Aquariumean | Argazkia: Emakumeak Zientzian
Atzo egin zen ekitaldia Donostiako Aquariumean | Argazkia: Emakumeak Zientzian
2026eko otsailaren 12a - 09:57

Emakumeak Zientzian egitasmoaren edizio berri bat egin zen atzo Donostiako Aquariumean. Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren aitzakiarekin elkartu ziren euskal zientzia eta teknologia ekosistemako hainbat emakume erreferente, Marea bizia gara lelopean. Hogeita hamalau erakundek parte hartu zuten eta "kolektibitatearen indarra" nabarmendu zuten, gogoeta-prozesu kolektibo baten emaitza izan den adierazpena aurkeztu zutelarik.

 

Ekitaldian izan ziren Ane Oiarbide Donostiako Udaleko Berdintasunako, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia, Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza zuzendaria, Ander Larrinaga Arabako Foru Aldundiko Garapen Ekonomiko eta Berrikuntza zuzendaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, baita erakunde parte-hartzaile guztietako ordezkariak, erakunde laguntzaileak eta jarduerak aurrera ateratzea ahalbidetu duten boluntarioak ere.

Emakukeak Zientziaken ekintza plana ere aurkeztu zuten atzo. Egiturazko desberdinkeriak askotariko ikuspegi batetik lantzeko duen konpromisoa jasotzen du dokumentuak, eta emakume zientzialarien ikusgaitasuna indartu, ezagutzarako sarbidea demokratizatu eta lan-ingurune ekitatibo eta erantzunkideagoak sustatu nahi ditu. Horretarako, bederatzi jarduera-ildo ezarri dituzte, ekosistema zientifiko-teknologiko bidezkoago bat lortze aldera.

 

Halaber, planean zehaztutako ekintzak egitera animatu nahi dituzte enpresak eta erakundeak, etorkizuneko zientzia eragile guztien artean eraikitzeko asmoz.