• EKONOMIA
  • BIEMHek 300 nazioarteko erosle inguru bilduko ditu BECen

BIEMHek 300 nazioarteko erosle inguru bilduko ditu BECen

26 herrialdetatik etorritako ordezkariek aliantzak eta aurrerapen teknologikoak bilatuko dituzte aste honetan

Indiako erosleei ongietorria | Argazkia: BEC
Indiako erosleei ongietorria | Argazkia: BEC
2026eko martxoaren 3a - 17:20

BIEMH azokak nazioarteko enpresa erosle batzuei ongietorria eman die gaur, Bilbao Exhibition Centren egiten ari den edizioan. Hosted Buyers’ Programme programaren bidez, 26 herrialdetatik iritsitako ordezkariak sei pabiloietan barrena ibiliko dira egunotan, helburu zehatzekin: berrikuntza teknologikoak ezagutzea, irtenbide lehiakorrak hautematea eta etorkizuneko joerak identifikatzea. Guztira, 300 erosle inguruk parte hartzen dute programan.

 

Antolatzaileek azaldu dute parte-hartzaileak profil kualifikatuak direla eta erabakiak hartzeko gaitasuna dutela. Besteak beste, aeroespaziala, automobilgintza, ekipo-ondasunak, defentsa, energia, trenbidea, ontzigintza, siderurgia edo industria-azpikontratazioa bezalako sektore estrategikoekin lotuta daude. Nabarmendu dutenez, bisitari horiek “industria etorkizunean markatuko duten joerak aurreikusteko” asmoz etorri dira.

Aurtengo edizioan nazioarteko presentziak indar berezia hartu du. Kanpo sustapen kanpainak merkatu eta sektore berrietara zabaldu dira, eta horren ondorioz, India bezalako herrialdeetako ordezkaritza handitu da. India edizio honetako ardatz estrategikoetako bat da, eta harekin batera AEBak, Mexiko, Alemania, Turkia, Portugal, Maroko, Erresuma Batua, Kanada, Suitza, Frantzia, Italia, Txina, Brasil eta Herbehereak ere nabarmendu dira. Indiaren kasuan, 20 enpresa eta elkarte inguruk parte hartu dute, merkatu horrekin egindako lan jarraituaren emaitza gisa.

 

Espainiako statuan ere enpresa erosleen presentzia handia izan da, eta azokak Espainiako 73 elkarteen babesa jaso du, makineria eta teknologia aurreratuak erabiltzen dituzten enpresak ordezkatzen dituztenak. Gaurko jardunaldia Barakaldoko Udalak Orconerako Kargalekuan antolatutako harrera instituzionalarekin amaituko da, eta ostegunean beste harrera bat egingo zaie gonbidatutako erosleei, aurtengo edizioari amaiera emateko.