• EKONOMIA
  • ELAk euskara lan munduan indartzeko bi ekimen proposatu ditu

ELAk euskara lan munduan indartzeko bi ekimen proposatu ditu

Sindikatuak lanorduetan euskara ikasteko eskubidea arautzea eta aldibereko itzulpena lan munduko eremuetara zabaltzea planteatu du

Argakia: ELA
Argakia: ELA
2026ko irailaren 18a - 13:04
Eg. 2026ko irailaren 18a - 17:47

ELAk bi proposamen aurkeztu ditu datozen hilabeteetarako, euskara lan munduan erabiltzeko aukerak handitzeko. Alde batetik, langileek euskara lanorduetan ikasteko aukera jasoko duen araudia sortzea eta patronalen eta sindikatuen arteko lanbidearteko akordio batean jasotzea proposatu du. Bestetik, aldibereko interpretazio zerbitzuak laneko beste esparru batzuetara zabaltzea nahi du, euskaraz aritu nahi duten langile eta herritarrek aukera hori izan dezaten.

 

Proposamen horietako bat lotuta dago ELAk sektoreko hitzarmenen negoziazioetan euskara erabiltzeko hartutako erabakiarekin. Uztailean EAEko 27 sektore-hitzarmenetan euskaraz negoziatuko zuela iragarri ostean, Lan Harremanen Kontseiluak aurrerantzean negoziazio guztietan aldibereko interpretazio zerbitzua eskaintzeko konpromisoa hartu du. Horri esker, ELAk eta hala nahi duten gainerako sindikatuek eta patronalek euskaraz negoziatzeko aukera izango dute. Nafarroan, berriz, ez dago Lan Harremanen Kontseilurik, eta ELAk beste sindikatu eta patronalei bilera batera deitu die irailaren 23an, Nafarroako Gobernuari negoziazioak euskaraz egiteko aukera eskatzeko.

ELAren arabera, aldibereko interpretazio zerbitzuen eskaintza urria da oztopoetako bat euskarazko negoziazioak normaltasunez egiteko. Sindikatuak zerbitzu horiek doan eskaintzea ere proposatu du, herri-erakundeentzat eta irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat, besteak beste. ELAk salatu du, gainera, Eusko Jaurlaritzaren interpretazio zerbitzua ordainpekoa dela, baita haren mendeko erakundeentzat ere.

 

Euskara ikasteko bigarren proposamenari dagokionez, ELAk lan-araudia eskatu du zeinak aukera emango zukeen lanorduetan euskara ikasteko eta lan-ordutegia euskaltegien ordutegietara egokitzeko. Sindikatuaren arabera, lan-baldintzek zaildu egiten dute euskara ikastea eta lana zein familia-bizitza uztartzea. Horrelako araudi bat EAEn eta Nafarroan patronalen eta sindikatuen arteko lanbidearteko akordio baten bidez garatu beharko litzatekeela dio, eta Eusko Jaurlaritzaren zein Nafarroako Gobernuaren laguntza ere beharrezkotzat jo du, bereziki enpresa txikiek izan ditzaketen gastuei aurre egiteko.

ELA proposamenak beste eragile batzuekin lantzen hasiko da datozen aste eta hilabeteetan. Sindikatuak Euskalgintzaren Kontseilua eta LAB jo ditu lehentasunezko bidelagun, eta beste eragile eta arduradun politikoekin ere partekatuko dituela iragarri du, proposamenen inguruan ahalik eta adostasun handiena lortzeko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain