• EKONOMIA
  • ELBko nekazariek Baionako portua blokeatu dute

ELBko nekazariek Baionako portua blokeatu dute

Goizean zehar 11 kilometrorainoko auto ilarak izan dira Biriatun. Araban ere traktoreak atera dituzte errepidera

Laborarien protesta Araban | Argazkia: Europa Press
Laborarien protesta Araban | Argazkia: Europa Press
2026eko urtarrilaren 12a - 15:21
Eg. 2026eko urtarrilaren 13a - 09:57

A63ko Ultra izeneko nekazari taldeak joan den ostiraletik blokeatuta zuen A63 autobidea. Bada, bertatik alde egin eta Baionako portua blokeatu dute gaur goizean ELB, Confederation Paysanne eta Modef sindikatuetako laborariek. Bi arrazoi nagusigatik dira kexaka: dermatosi nodular kutsakorraren aurkako protokologatik eta EB eta Mercosurreko hitzarmenagatik.

 

Goizean Baiona hegoaldeko Mac Donald's ostatuaren biribilgunean ezartzeko asmoa zuten nekazariek, baina azkenean lekuz aldatzea erabaki dute eta Baionako portura joan dira. Mobilizazioak direla eta, egunean zehar 11 kilometrorainoko auto ilarak izan dira Biriatuko bidesarean, eta N-121-A errepidean ere trafiko ugari izan da Frantziako noranzkoan.

Nekazarien arabera, dermatosiaren kontrako protokoloa “zentzugabekeria” da, izan ere, etxalde bakoitzean eritasun kasu bat azalduz gero, bertako behi guztiak hiltzea dakarrela salatu dute. ELB sindikatuak beste protokolo bat aldarrikatu du, soilik gaixorik dauden behien hilketa eskatuz.

 

Pasa den astean EBk onartutako Mercosurren ituna dela eta ere haserre dira lehen sektoreko langileak, uste baitute akordio horrek babes gabe uzten dituela, eta sektoreko lehiakortasuna areagotu egingo dela baldintza desberdinetan arituko direlarik.

Horren harira, Hegoaldeko sindikatuek EHNE, ENBA eta UAGNk ostegunean egingo dute kontzentrazioa Irunen. Aurreko astean traktoreak atera zituzten Gasteizen eta Iruñean eta gaur ere hainbat mobilizazioa izan dira Araban Ataca (Asociación Treviño y Álava por el Campo) elkarteak deituta.