Lanbidek lau laguntza deialdi berri iragarri ditu, orotara 21 milioi euroko zuzkidura izango dutenak, enplegu-proiektuak sustatzeko, langabeentzako laneratze ibilbideak garatzeko eta gazteentzako prestakuntza sustatzeko, besteak beste. "Helburu komuna da enpresen beharrei, pertsonen ezaugarriei eta lurralde bakoitzaren errealitateari modu egokiagoan erantzuteko gai diren enplegu-politiketarantz aurrera egitea", adierazi du Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak.
Hasteko, lehen laguntza lerroaren bitartez 8,15 milioi euro bideratuko dira eskualde eta udalerrietan enplegu proiektuak garatzera. Horretarako, udalerrien artean banatuko da dirua 2026ko langabe kopuruaren arabera, eta hala, toki-erakundeek zein enpresek aukera izango dute kontratazioak diruz laguntzeko.
Ia kopuru bera, 8 milioi euro, bideratuko da enpresen talentu-beharrei erantzuna emateko. Hau da, laguntza deialdi hori enpresei, prestakuntza-zentroei zein irabazi-asmorik gabeko erakundeei zuzendutakoa izango da, euren enplegu, prestakuntza eta laneratze proiektuak gara ditzaten. "Epe laburrean enplegua benetan lortzera bideratutako jarduera koordinatuen multzoa integratuko duten proiektuak bilatzen dira", zehaztu du Pedrazak. Kasuak kasu, zenbatekoak handiagoak izango dira kontratatutako pertsonak 55 urte baino gehiago baditu edota enplegua lortzeko zailtasun bereziak baditu.
Hirugarren laguntza-lerroa gazteentzako txandakako prestakuntza eta lanerako erabiliko da. 3 milioi euroko zuzkidurarekin, txandakako prestakuntza-kontratuak formalizatzen dituzten enpresentzako deialdia izango da. Hala, gazteen enplegagarritasuna hobetzea izango da xedea.
Azkenik, ia 2 milioi euro enplegu-zentroen jarduerak finantzatzera bideratuko dira. Zehazki, zentro bakoitzak —38 zentrok guztira— 50 mila euroko dirulaguntza jasoko du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta