Soldata duina, garapen profesional eta pertsonala, lan ordutegi malgua, ikasitakoa edo interesekoa den ezagutza esparruan, lan giro osasuntsu batean… Lanbide bat hautatzerako garaian, gazte eta ez hain gazteek balio gehien ematen dien ezaugarriak lirateke horiek guztiak. Aitzitik, oso zaila izaten da desira guztiak asebeteko dituen lanbidea topatzea. Askotan, ezaugarri horien guztien artean batzuk lehenetsi behar dira, aukeratu egin behar izaten da. Garapen profesional handirik eskainiko ez duen lan bat, baina lan baldintza onekoa. Agian, hobe soldata baxuago bat, baina motibazioa handiagoa sortzen duen lana. Gauzak horrela, kasik saihetsezina da aukera kostua. Lanpostu bat aukeratzeak onura jakin batzuk ematen ditu, baina beste batzuk galtzea ere badakar.
Lanbidea hautatzeko ataka horretan, enpresa pribatua edo publikoaren arteko dilema nahiko ohikoa izaten da. Administrazio publikoan lan egitearekin lotu ohi da soldata altuagoa eta ordutegi hobea izatea, baina baditu bere desabantailak. Publikoan lanpostu finko bat lortzea prozesu luzea izan ohi da, eta egoera horretara iritsi arte ezegonkortasun handiko garaiak igaro behar ditu oposizio prestatzen dituenak. Ohikoak dira denbora jakin bateko kontratu mugatuak edota lanpostu aldaketak. Behin publikoan plaza finkoa lortuta, lan baldintza egokietan lan egiteko aukera izan dezake batek, baina, lana interesgarria ote?
Enpresa pribatuen dihardutenek euren ezagutza edo intereseko esparruan lan egitea lortu dute sarritan, baina, askoren ustetan, lan baldintzak eskasagoak dira, eta lanpostua galtzeko aukerak handiagoak. Izan ere, enpresak porrot egiten badu langileak kaleratua izateko arriskua du. Hori ez da publikoan gertatzen.
Bada, gazteek zer pentsatzen dute? Eztabaida nahiko mamitsua da, eta iritzi kontrajarriak topa daitezke. Zer nahiago dute, baldintza onak dituen lanpostu aspergarri bat edo euren gustukoa den lanbide prekario bat?
Geroz eta gazte gehiagok izan nahi dute funtzionario
Hainbat ikerketen arabera, Z belaunaldiko gazteen gehiengoak enpresa publikoan lan egin nahiko luke. Pentsaera hori ez da harritzekoa bi arrazoirengatik nagusiki: lehenik eta behin, soldatak ez direlako inflazioaren erritmo berean hazten egun. Etxebizitza eta elikagaien prezioek gora egiten duten heinean, gazte askok oso soldata eskasak dituzte, eta askoren iritziz funtzionario bilakatzea da soluzio bakarra. Bigarrenik, kontuan hartu beharra dago Euskal Herrian datozen urteetan belaunaldi aldaketa handia emango dela administrazio publikoan, 80 eta 90 hamarkadan lanean hasi ziren funtzionario askok erretiroa hartuko baitute. Belaunaldi berrientzat aukera da lanpostu horietara ailegatzeko.
EnpresaBIDEA kalera atera da eta gazteei galdetu die ea non ikusten duten euren burua hemendik urte batzuetara. Askok aitortu dute administrazio publikoan lan egin nahiko luketela. Hainbat ikerketen arabera, gazte askok hasi dute bere ibilbide profesionala enpresa pribatuan, baina zenbait urte lanean aritu ostean, enpresa publikorako saltoa eman dute. Euren hitzetan, administrazio publikoan "egonkortasun" handiagoa aurki dezakete, eta etorkizunera begira seguruago sentitzen dira, izan ere, uste baitute etxebizitza bat erostea eta, oro har, bizitzari aurre egitea errazagoa izango dela. "Publikoan diru gehiago irabazten da", diote.
Hainbat ikerketen arabera, gazte askok hasi dute bere ibilbide profesionala enpresa pribatuan, baina zenbait urte lanean aritu ostean, enpresa publikorako saltoa eman dute
Ziurgabetasun ekonomiko handiko garaiotan, askok iritzi diote hilabete batzuez oposizioak prestatzen aritzeak merezi duela ondoren bizi osorako lanpostua baldin badute. Horren erakusle, Espainiako Estatuan, 2020tik 2023ra bitartean, %35 handitu da oposizioak egin dituzten pertsonen kopurua. Kontrako iritzia dutenak ere badira, enpresa pribatuan lehen urratsak egin eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dutenak. Argudiatzen dute euren kontura lan egiteak askatasun gehiago ematen diela, eta uste dute esparru pribatuan lan eredu "malguagoak" aurki daitezkeela.
"Asko ikasi eta trebatuz gero, lan baldintza duin eta ibilbide profesional oparoa izango duzu" promesaren baitan hazi diren belaunaldiko zati handi batek esperantza galdu duela dirudi. Itxaropena agortuta, enplegu publikoan aurkitzen dute askok lan merkatu gorabeheratsuan bizirauteko erregaia.