Tirabira aspaldian hasi bazen ere, gaur iritsi da Europaren eta AEBen arteko merkataritza akordioa. Bost orduz negoziatzen aritu ostean, Europako Parlamentuko eta Kontseiluko negoziatzaileek goizaldean onartu dute akordio politikoa, iazko udan Washingtonek eta Bruselak adostutako merkataritza ituna zenbait baldintzekin aplikatzeko.
Une hartan, merkataritza gatazka ez luzatzeko asmoz, zera onartu zuten bi aldeek: AEBek %15eko muga-zerga orokorra ezartzea Europako produktu gehienei, eta aldi berean, Europak muga-zergak murriztu edo kentzea AEBetako produktu ugariri, baita nekazaritza eta arrantza produktuen sarbidea handitzea ere. Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi zuen “inoiz negoziatutako merkataritza akordiorik handiena” zela, baina era berean, itunak hautsak harrotu zituen, Europari akordioak mendekotasun handiegia sortuko ziola iritzi baitzuten askok eta askok.
Ostera, azken hilabeteetan izandako zenbait ezustekok kolokan jarri izan dute ituna. Otsailean, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Washingtonek ezarritako zenbait zerga legez kanpokoak zirela. Gainera, maiatzaren lehen egunean Trumpek salatu zuen Europak ez zuela akordioa bete (hori baieztatzen duen inongo probarik erakutsi gabe) eta %25eko muga-zergak iragarri zituen Europatik iritsitako auto zein kamioientzako.
Gauzak horrela, eurodiputatu askok babes-klausulak exijitu izan dituzte, Trumpen hitzaz fio ez direnez arriskua ikusten zutelako aurrez hitzartutako akordioan. Besteak beste, AEBek hitzartutakoa bete ezean ituna bertan behera utzi ahal izatea, itunaren iraupena mugatzea eta akordioaren jarraipena egitea eskatzen zuten. Eta halaxe izan da: bi lurraldeek akordioarekin aurrera egitea erabaki dute, baina zenbait babes-klausula gehitu dituzte, besteak beste: AEBek agindutakoa betetzen ez badute akordioa etetea, 2029. urtean akordioa amaitzea, eta kontrolerako mekanismo politikoak ezartzea. “EBk bere konpromisoak betetzen ditu”, baieztatu du Von der Leyenek.