• EKONOMIA
  • Gipuzkoako enpresetako hamar zuzendaritik ia bederatzi gizonezkoak dira

Gipuzkoako enpresetako hamar zuzendaritik ia bederatzi gizonezkoak dira

Aspegik ondutako barometroaren arabera, Gipuzkoako zuzendaritza nagusien %12,9 baino ez daude emakumeen esku

Egoitz Pomares, (EHU) Iratxe Pascual (Aspegi) eta Iñaki Elzaurdi (LKS) azterlanaren aurkezpenean | Argazkia: Aspegi
Egoitz Pomares, (EHU) Iratxe Pascual (Aspegi) eta Iñaki Elzaurdi (LKS) azterlanaren aurkezpenean | Argazkia: Aspegi
2026ko azaroaren 4a - 13:30
Eg. 2026ko azaroaren 4a - 13:41

Gipuzkoako zortzi enpresetatik bakarrak (%12,9) du emakume bat zuzendari nagusi gisa. Zuzendaritza postuetan zenbatekoa %27,7ra igotzen da, eta administrazio kontseiluetan %24,96ra. Haatik, administrazio kontseiluen lehendakaria emakumea da soilik kasuen %14,1ean (Espainiako %18,87aren azpitik).

 

Datu horiek guztiak gaur jakinarazi ditu Aspegik, Emakume Profesional eta Zuzendarien Gipuzkoako Elkarteak, emakumeen lidergoari buruz egin duten lehen barometroaren harira, eta ondorio argia atera dute: emakumeen presentzia gero eta urriagoa da erantzukizun mailan eta erabaki ahalmenean gora egin ahala. "Azterketak identifikatu du emakumeen bide profesionala ez dela estutzen lan merkatura sartzean, baizik eta aurreneko erantzukizun postuetatik goi zuzendaritzarako eta erabaki organoetarako progresioan", zehaztu du elkarteak. Barometroaren lanketa Aspegik egin duen arren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa jaso du, eta LKS Next zein EHUrekin elkarlanean aritu da elkartea.

Zuzendaritza nagusien erradiografia sektoreka banatuta, emakumeen ordezkaritza txikiena manufaktura industriakoa dela zehaztu du azterlanak, zuzendaritza nagusien postuen %6,7 baino ez baitituzte emakumeek betetzen. Erakundeen barneko erantzukizunen banaketan ere desoreka handia dagoela nabarmendu du Aspegik: giza baliabideetan emakumeek erantzukizun postuen %56,3 betetzen dituzte, eta kontularitzan %52,9; aldiz, zuzendari komertzialen kasuan ehunekoa %14,2koa da, ekoizpenean %11,1ekoa, eta arlo teknikoetan %10,8koa. Gipuzkoako datuak izanik ere, Aspegik jakinarazi duenez, EAEko egoera berdintsua da.

 

Zenbateko baxu horien ondorioz, Aspegik beharrezkotzat jo du lidergoko mekanismoek nola funtzionatzen duten aztertzea, emakume gehiagok erantzukizun postuak har ditzaten. Era berean, elkarteak 'Erabakiguneetara Iristeko Mapa' bat proposatu du, bide horretan lan egiteko pausoak zein izan daitezkeen zehazten dituena.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain