Hizkuntzak lanean ostegun eta ostiralez

Hizkuntzen kudeaketaren inguruko Languages Lanean kongresua egin da ostegun eta ostiralean. Eleaniztasuna babesteko EBren politikak, hizkuntza txikiak indartzeko adimen artifizialaren garrantzia eta erakundeen lehiakortasuna izan dituzte mintzagai, besteak beste

Argazkia: Irekia Argazkia: Irekia

Lan eremua anitza delako egin da Languages Lanean kongresua ostegun eta ostiral honetan. Hizkuntzen kudeaketa orotariko erakundeen eguneroko egitekoa bilakatu da gaur-gaurkoz, eta horien ingurukoak mahaigaineratu, aztertu eta partekatzeko esparrua izan dira Bilboko Euskalduna Jauregia eta Guggenheim Bilbao Museoa.

Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu zuen kongresua ostegunean. Harekin izan ziren Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritan eta Ingurumen sailburua. Urkulluren arabera, enpresa baten “kalitate-bereizgarria bere lan-prozesuen ezaugarriengatik eta azken produktuagatik” baloratzen da. “Badakigu hizkuntzak kudeatzen eta balioesten dituzten enpresak lehiakorragoak izango direla. Ekonomia eta enpresa globalizatuagoa dugun heinean, atzerriko hizkuntzak ere kontuan hartu behar ditugu, ofizialak izan ala ez".

Hizkuntzen saltsa honetan, euskarak ere izan behar du oinarrizko osagai, eta bi egunotan gure hizkuntzak duen lekua eta etorkizunean izan beharko lukeenaz eztabaidatzeko aukera eskaini da. Eustaten arabera, EAEn %17k hitz egiten du lanean euskaraz nagusiki, eta beste %10 batek euskara eta gaztelania aldi berean hitz egiten du. Zupiriak, kongresua aurretik, hizkuntza kudeaketa aurreratu batek enpresaren talentua garatu, elkarlanean aritzeko gaitasuna hobetu eta lehiakorragoa izaten laguntzen duela adierazi zuen. Gainera, euskararen sustapenari eta Europako kultura aniztasunari ekarpena ere egiten diola azpimarratu zuen.

Eleaniztasuna kudeatzeko politikak EBn

Kongresuan izena emandako 550 parte hartzaileek tokiko nahiz nazioarteko adituen hitzaldiak entzuteko aukera izan dute kongresuan. Europako Batasunaren (EB) ikuspuntua ezagutzeko Johann Häggmann Federal Union of European Nationalities (FUEN) erakundeko aholkularia mintzatu zen. Europa osoko nazionalitate nahiz hizkuntza gutxituak babesteko komunitate sarea da FUEN.

Bere sorreratik EBren ADNan dago aniztasuna, munduko erakunde eleanitzena baita. Hartara, eleaniztasunaren babesari eta sustapenari garrantzia ematen dio, bai oro har, baita negozio arloan ere. Dena den, Häggmannek adierazi duenez, EBk berezko mugak ditu, hizkuntza aniztasuna onartzetik guztiz garatzerainoko bidean. Aukera handiak daude, baina horiek gauzatzeko kudeaketa eta intzidentzia funtsezkoak direla aitortu du. Erabakiak hartzerako garaian, estatuek dituzte konpetentzia gehienak, nahiz EBren markoak euskara sustatzeko aukerak eskaini. Halaber, eleaniztasuna kudeatzea eta euskara sustatzea EBko politikekin bat datorrela adierazi du adituak.

Bere sorreratik EBren ADNan dago aniztasuna, munduko erakunde eleanitzena baita. Hartara, eleaniztasunaren babesari eta sustapenari garrantzia ematen dio

Häggmannek kasik 15 urte daramatza Europako Batasunari hizkuntza gutxituen inguruan aholkularitza eskaintzen, eta hamar hizkuntza hitz egiten ditu. Hizkuntza hauen existentzia bermatzeko EBren inbertsioa ezinbestekoa dela aldarrikatu du. “Gero eta finantzaketa programa gutxiago daude eskualdeetako eta hizkuntza gutxituetarako, eta, horren ondorioz, hizkuntzen eta hiztunen bizitza zailagoa da”

Adimen artifizialaren garrantzia hizkuntza "txikien" etorkizunerako

Euskara, gaztelania edota ingelesaz harago, kongresuan beste hizkuntza batzuen bilakaera eta egungo errealitatea ezagutzeko parada izan da, islandierarena kasu. Egun, 320.000 hiztun dituen hizkuntza germaniarra da, Europan hitz egiten den hizkuntza zaharrenetakoa. Aitzitik, Islandian bai danierak bai ingelesak presentzia handia dute, eta suediera, norvegiera eta alemana ere asko hitz egiten da bertan.

Jóhanna Vigdís Islandiako Hizkuntzaren Teknologia Zentroko (Iceland Center of Language Technology) zuzendaria izan da bost urtez. Hizkuntzak azken urteotan izandako bilakaera azaldu du, baita bere erakundeak trazatutako plana xehatu ere. Hizkuntza “txikiak” zaindu eta lehiakorrago bilakatzeko adimen artifiziala ezinbestekoa dela ere nabarmendu du. "Gure proiektuaren premisa zen islandiera eredu linguistiko handiago baten garapenean eta hobekuntzan sartzea, beste hizkuntza txiki batzuetarako erreferentzia izan zedin”.

Jóhanna Vigdís: "Gure proiektuaren premisa zen islandiera eredu linguistiko handiago baten garapenean eta hobekuntzan sartzea, beste hizkuntza txiki batzuetarako erreferentzia izan zedin”

Hala, urte hauetan egindako lanari esker, islandiera Chat GPT-4n egotea lortu dute. Elkarlanean aritu dira Microsoft eta Open Aire erakundeekin, adimen artifizialaren garapenean islandierari lehentasuna emateko. Enpresei begira, adimen artifizialak aukera berriak eskaintzen dituela kontatu du, bai hizkuntzak kudeatzeko bai euskara sustatzeko, eta bere ustez, hil ala bizikoa eta egingarria da euskara adimen artifizialaren garapenean egotea.

Ingelesarekin soilik ez da nahikoa

Hizkuntzen kudeaketa enpresa nahiz erakundeen barne prozesuetara eramanez, eta Euskal Herriaz haragoko beste errealitateak ezagutzeko asmoz, Guro Refsum Sanden BI Norwegian Business School negozio eskolako irakasleak Eskandinaviako enpresen aukeren eta erronken nondik norakoak azaldu ditu. “Langileek egiten duten ekintza bakoitzerako hizkuntza egokiena erabili beharko lukete”, dio Refsumek.

Hainbat kasu praktiko azaldu ditu irakasleak, negozioen munduan hizkuntza kudeaketaren ingurukoak. Bere hitzetan, banku bateko langileek, esaterako, “hainbat sukurtsaletan banatuta, egiten duten ekintza bakoitzerako hizkuntza egokiena erabili behar dute, bezeroek beren finantza gaiak beren hizkuntzan hitz egin nahi dituztelako".

Guro Refsum: “Langileek egiten duten ekintza bakoitzerako hizkuntza egokiena erabili beharko lukete”

Eskandinaviar herrialdeetako negozio munduan ingelesa bakarrik hitz egitea ez dela nahikoa ondorioztatu du Refsumek, eta enpresa bakoitzak soluzioak bilatu beharra duela dio. Hizkuntza politikak ezartzerakoan ostera, oztopoak azaltzen dira. ingelesa eta gaztelania soilik ez dira nahikoak, hizkuntza kudeaketak eragin handia duelarik enpresen lehiakortasunean. Ildo berean, enpresa handien hizkuntz kudeaketan euskara txertatzeak berebiziko garrantzia lukeela dio adituak.

Bertoko kasuak

Hemengo kasuak ere ezagutu ahal izan dira kongresuan. Mondragon taldearen hizkuntza kudeaketa azaltzeko Leire Mugerza Batzorde Iraunkorreko presidentea aritu zen hizketan, Mondragon eta euskara “elkarrekin hazi” direla nabarmenduz. Gaur egun, euskara enpresen kudeaketa-sistemetan dago txertatuta, eta kudeaketa aurreratuarekin lotzen du euskal korporazioak. Motibazio identitario eta emozionalez gain, enpresari egokitutako diskurtsoak behar dira euskara hizkuntzen kudeaketan txertatzeko, Mugerzaren arabera. “Euskararen indartzea gizartean zegoen behar bat zela ikusi genuen. Aspalditik hainbat ekimen bultzatzen ditugu, mintza taldeak, ikastaroak... euskara ez dakiten langileek euskara ikas dezaten”.

GKNren kasua, nazioarteko multinazionala izaki, desberdina da. Akziodunak nahiz bezeroak euskaldunak izan ez arren, langileek susta dezakete euskararen erabilera, eta hala agitu da enpresaren Zumaia eta Legazpiko lantegian. Nazioarteko multinazional batzuek euskarari aitortzen diote beste tokiko edozein hizkuntzari aitortzen dioten estatusa, GKN kasu. Sandra Sanchez osasun eta segurtasuneko zuzendariak multinazionalaren hizkuntza kudeaketaren garrantzia estrategikoa izan zuen hizpide. “Hizkuntza paisaiarekin gauza handiak egiten hasi ginen eta kudeaketa sistemak, web ataria, etab. itzultzen. Neurri txikiak hartuta, bilerak euskaraz eginez edo emailak euskaraz bidaliz, urte gutxitan erabilera handitzea lortu dugu”, azaldu du.

Leire Mugerza: “Euskararen indartzea gizartean zegoen behar bat zela ikusi genuen. Aspalditik hainbat ekimen bultzatzen ditugu, mintza taldeak, ikastaroak... euskara ez dakiten langileek euskara ikas dezaten”

Francisco Paniaguak KONE enpresaren hizkuntza kudeaketa azaldu du, taldearen ohiko balio batzuekin (dibertsitatea edota aniztasuna) lotura zuzena duela azpimarratuz. Gaur egun, KONEk itzulpen-sistema zentralizatu bat du, eta Paniaguaren arabera, dirua aurreztea ahalbidetzen die. “Zibersegurtasun maila hobea izateko eta itzulpenak azkarrago egiteko aukera ematen digu, eta mundu guztiak informazio guztia bere tokiko hizkuntzan eskuratu ahal izatea bermatzen digu”.

Solasaldiak ere bai

Euskalduna Jauregiko jardunaldian, hainbat solasaldi ere antolatu ziren arratsaldez, denak, nola ez, hizkuntzen kudeaketaren baitan, baina askotariko ikuspuntuetatik aztertuz. Hala nola, pertsonak, sektore publikoa, hizkuntza teknologiak, zerbitzuaren kalitatea edota nazioartekotzea aintzat harturik. Mahai inguru horietan aritu dira Euskal Herriko erakunde nahiz enpresetako arduradun ugari. Besteak beste, Elay taldeko Kristina Elkoro, orain arte Bai Euskarari elkarteko presidentea izan den Robert Gutierrez, Josune Zabala Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria edota Lander Beloki Mondragon Unibersitateko dekanoa.

Kultura esparruko erronkak Guggenheim Museoan

Kongresuak Euskalduna Jauregitik Guggenheim Bilbao museora eman zuen salto, eta ostiralean kultura esparrua izan zuten hizketagai. Xabi Payak moderatuta, Guggenheim Bilbao Museoaren, Euskadiko Orkestraren, Durangoko Azokaren eta Tolosako Nazioarteko Abesbatzaren hizkuntza kudeaketarako praktika ezagutu ahal izan ziren. Bertan parte hartu zuten Nerea Virto Guggenheim museoko edizio eta itzulpenen koordinatzaileak, Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendariak eta Xabier Ormazabal Tolosako Nazioarteko Abesbatzako kideak. Arratsaldean, sortzaileen txanda izan zen, eta bertan izan ziren Esti Urresola zine gidoilari, zuzendari eta ekoizlea eta Pello Reparaz musikaria.

Informazio gehiago
Hizkuntzen kudeaketa eremu sozioekonomikoan: euskara lehiakortasunerako aldagai
Miren Dobaran: "Eremu sozioekonomiko pribatua irabaztea da euskarak eman behar duen hurrengo pausoa"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK