Ikuskizunen eta ekitaldien sektoreko langileek greba egingo dute, berriro ere, azaroaren 26an eta 27an, Hego Euskal Herri osoan. Teknikariok, LAB, ESK, ELA, CCOO, UGT eta CNT sindikatuek egin dute deialdia, sektoreko lan baldintzak arautzeko eta patronalaren negoziazio-blokeoa gainditzeko. Salatu dutenez, EAEn EUKIk (EAEko ikuskizun eta ekitaldien patronala) eta Nafarroan AESTANek (Nafarroako Zerbitzu Tekniko eta Laguntzaileen Enpresen Elkartea) blokeatuta dituzte negoziazio mahaiak, eta egoera horrek aukera ematen die enpresei langileen eskubideak urratzen jarraitzeko.
Udan ere hainbat greba egun egin zituzten Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaietan, eta sindikatuek mobilizazio horiek arrakastatsutzat jo dituzte. Hala ere, negoziazioak ez du aurrera egin. Sindikatuen arabera, EUKI azken orduetan harremanetan jarri da haiekin, baina egindako proposamenak ez ditu langileen eskaerak asetzen. "Malgutasunari buruzko neurriak eskatzen ditugu, eta horiek betetzen ez diren bitartean, eutsi egingo diogu mobilizazio egutegiari", adierazi dute sindikatuek.
Grebek kongresuei, kontzertuei, hauteskunde kanpainetako amaierako ekitaldiei eta gainerako ikuskizun eta jarduerei eragingo diete. Sindikatuek langileei ez ezik, herritarrei eta ekitaldien antolatzaileei ere eskatu diete mobilizazioekin bat egiteko. Publikoari, zehazki, bi egun horietan programatutako ekitaldietara ez joateko eskatu diote: "Halakoetara joateak prekarietatea iraunarazten laguntzen du". Antolatzaileei, taldeei eta sustatzaileei, berriz, programatutako ekitaldiak bertan behera uzteko eskatu diete.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta