• EKONOMIA
  • Pasaiako Portuak nodo logistiko bat jarri du abian

Pasaiako Portuak nodo logistiko bat jarri du abian

Portuko Agintaritzak eta Mugikortasun eta Logistika Klusterrak lantalde bat sortu dute ibilbide-orri teknologiko bat zehazteko eta portuaren kudeaketa hobetzeko

Lehenengo lan-saioa egin dute jada | Argazkia: EAEko Mugikortasun eta Logistika Klusterra
Lehenengo lan-saioa egin dute jada | Argazkia: EAEko Mugikortasun eta Logistika Klusterra
2026eko martxoaren 10a - 12:56

Pasaiako Portuko Agintaritzak eta EAEko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak Pasaiako Portuaren Nodo Logistikoa jarri dute martxan, eraldaketa digitala bultzatzeko eta portu-inguruneko eragiketen kudeaketa hobetzeko helburuarekin. Inaugurazio-saioan, operadore logistikoek, errepideko eta trenbideko garraio-enpresek, aduana-agenteek, kontsignatarioek eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute, portuaren erronka nagusiak hautemateko eta ibilbide-orri teknologiko komun bat definitzen hasteko.

 

Nodo berriak lantalde gisa funtzionatuko du, eta portu-kate logistikoaren hainbat maila izango dira ordezkatuta. Klusterraren plan estrategikoaren esparruan sortu da ekimena, lehentasunezkotzat jotzen baitu EAEko nodo logistikoen arteko “konexio adimenduna”. Testuinguru horretan, Pasaiako Portuak eredu digitalizatuago eta intermodalago baterantz egin nahi du aurrera, non informazioaren kudeaketa funtsezkoa izango den eragiketen eraginkortasuna hobetzeko.

Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, lehiakortasun logistikoa ez dago soilik azpiegitura fisikoaren mende, baizik eta baita datuak kudeatzeko eta informazio-fluxuak koordinatzeko gaitasunaren mende ere. Alde horretatik, erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatu nahi du nodoak, eta EAEko nodo logistikoek modu konektatuagoan jardun dezaten lagundu.

 

Lehenengo lan-saioan, parte-hartzaileek hainbat erronka aipatu dituzte, informazioa denbora errealean eskuratzearekin, salgaien trazabilitatearekin eta operadoreen arteko koordinazioarekin lotuta. Behar horietatik abiatuta, taldeak ibilbide-orri bat egingo du, proiektu pilotuak, berrikuntza-ekimenak eta datuak trukatzeko akordioak garatzea aurreikusten duena, portuaren jardueraren eraginkortasuna eta gardentasuna hobetzeko.