Mugikortasun urbanoaren sektorea eraldaketa sakon batean murgilduta dago azken hamarkadan, eta aldaketa horrek ez du teknologiarekin zerikusia soilik: merkatuaren arauak berak ere jokoan dira. Uber, Cabify eta Bolt bezalako plataformen hedapenak garraio zerbitzuen funtzionamendua aldatu du, eta eztabaida ekonomiko eta juridiko nagusi bat ireki du: nola uztartu sistema arautu bat eta plataforma digitalen logika malgua merkatu berean. Testuinguru hori pixkanaka Euskal Herrira ere iritsi da. Azken hilabeteetan, Cabifyk Bilbon hasi du jarduera, Boltek Iruñean egin du lekua eta Uberek Donostian abiatu du zerbitzua, 30 ibilgailurekin, enpresak berak eta tokiko hedabideek jakinarazi dutenez. Bi eredu horien arteko talka, beraz, ez da jada hipotetikoa: tokian bertan ari da gauzatzen.
Eredu berria 2009an sortu zen, Uber San Frantziskon abiatu zenean. Ordutik, "plataforma ekonomia" deiturikoaren adibide paradigmatiko bihurtu da: aplikazio digital baten bidez eskaintza eta eskaria konektatzen dira, kostu operatibo txikiagoekin eta prezio malguagoekin. Eredu horren indargune nagusia eskalagarritasuna da, eta horrek aukera ematen die konpainiei hiri askotan jarduteko azpiegitura propio handirik gabe. Horrek merkatuan sartzeko baldintzak errotik aldatzen ditu.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Eredu berriak zuzenean eragin dio taxiaren funtzionamendua ulertzeko moduari. Historikoki, taxi zerbitzua administrazio publikoek araututako jarduera izan da, lizentzia mugatuen bidez antolatua. Sistema horren helburua merkatuaren egonkortasuna eta zerbitzu minimoa bermatzea izan da, tarifak kontrolatuz eta eskaintza planifikatuz. Horren atzean logika ekonomiko argi bat dago: eskaintza mugatuz, errentagarritasuna eta zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzea. Testuinguru horretan, taxi lizentziak aktibo ekonomiko bihurtu dira urte luzez, eta hiri askotan ehunka mila eurora iritsi dira merkatuan. Horrela, sektorean sartzea inbertsio handia eskatzen duen jarduera da, eta horrek baldintzatzen du merkatuaren egitura bera.
Taxi lizentziak aktibo ekonomiko bihurtu dira urte luzez, eta hiri askotan ehunka mila eurora iritsi dira merkatuan
Espainiako Estatuan, bi eredu horien arteko oreka mantentzeko, VTC ibilgailuen kopurua 30 taxiko bat izatea mugatu izan da lege bidez. Hala ere, azken urteotan epaitegien ebazpenek eta merkatuaren presioak oreka hori higatu dute, eta gaur egun 20.000 VTC lizentzia inguru daude erregistratuta Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioaren arabera, merkatuaren kontrol mekanismoak eztabaidan jarriz.
Testuinguru orokor horren barruan kokatzen da Euskal Herriko egoera ere. Azken urteetan, batez ere turismoaren gorakadarekin, Donostian mugikortasun eskaera nabarmen handitu da, eta horrek une jakin batzuetan zerbitzuaren saturazioa eragin du. Felipe Aranburuk, Uberreko Espainiako arduradunak adierazi duenez, 300.000 erabiltzailek aplikazioa erabili nahi izan dute hirian zerbitzua eskuragarri egon aurretik; eskari latentearen tamaina agerian utziz. Hala ere, egoera horri erantzuteko saiakerak martxan zeuden jada. Taxi sektorea bera egokitzapen neurriak lantzen ari zen, inguruko herrietako gidariak koordinatuz eskaera handiko ordutegietan zerbitzua indartzeko, sistema barrutik malgutzeko ahaleginean.
Andoni Urruzola Oiartzungo taxi gidariak azpimarratu du desberdintasuna zerbitzuaren logikan dagoela: “Guk beti erantzun behar diogu bezeroari, edozein ordutan; plataformak, ordea, eskariaren arabera sartzen eta ateratzen dira merkatuan”. Bere ustez, horrek bi eredu ekonomiko oso ezberdin uzten ditu agerian: bata zerbitzuaren jarraitutasunean oinarritua eta bestea errentagarritasunaren optimizazioan.
Andoni Urruzola (taxi gidaria): “Guk beti erantzun behar diogu bezeroari, edozein ordutan; plataformak, ordea, eskariaren arabera sartzen eta ateratzen dira merkatuan”
Plataformen eredua, gainera, eztabaidagai izan da beste hiri batzuetan ere, lan baldintzen eta araudiaren inguruan sortutako zalantzen ondorioz. Araudiaren ikuspegitik, gatazka ez da berria, baina Donostian dimentsio politiko eta instituzional argiagoa hartzen hasi da. Beste lurralde batzuetako lizentziekin jarduten duten ibilgailuen inguruan eztabaida piztu da, eta administrazioak egoera aztertzen ari dira. Aldi berean, erakundeek gero eta argiago adierazi dute plataformen presentzia ez dela aldi baterako fenomenoa, errealitate bat dela; ondorioz, erronka nagusia ez da haien etorrera geldiaraztea, nola kudeatu erabakitzea baizik. Funtsean, arazoa ez da teknikoa: juridikoa eta ekonomikoa da. Zein baldintzatan sar daiteke eragile berri bat merkatu arautu batean? Eta baldintza horiek nola aplikatuko dira?
Taxi sektoreak, bere aldetik, baldintza berdinak eskatzen ditu merkatuan lehiatzeko. Urruzolaren hitzetan, desoreka nabarmena da: “Taxiak tarifa arautua dauka eta baldintza zorrotzak bete behar ditu; plataformek, berriz, beste maila batean jokatzen dute”. Bere ustez, multinazionalek duten gaitasun ekonomikoak prezioekin jokatzeko aukera ematen die, eta horrek lehia baldintzak bidegabetu ditzake. Egoera horren aurrean, taxi sektorea administrazioarekin harremanetan dago araudia argitzeko eta egokitzeko, eta mobilizazioak ere deitu dituzte aste honetarako baldintza berdinak eskatzeko. Helburua ez da plataforma digitalak desagerraraztea, jarduera bera arau berberekin egitea baizik.
Mugikortasunaren sektorean gertatzen ari dena, beraz, ez da garraioaren inguruko aldaketa soil bat, ekonomia digitalak merkatu arautuetan sartzean sortzen duen tentsioaren adibide argia da
Hala ere, trantsizio hori ez da neutroa. Araudiaren interpretazioak, lan baldintzek eta prezioen politikek erabakiko dute elkarbizitza hori zein baldintzatan gertatuko den. Taxi sektoreak baldintza berdinak eskatzen ditu, eta administrazioak oreka bilatzeko presiopean daude.
Mugikortasunaren sektorean gertatzen ari dena, beraz, ez da garraioaren inguruko aldaketa soil bat, ekonomia digitalak merkatu arautuetan sartzean sortzen duen tentsioaren adibide argia da. Arauak, prezioak eta lan eredua bera jokoan daude. Ez dirudi etorkizuna eredu bakarrekoa izango denik. Denak bi logiken arteko elkarbizitza bat izango dela adierazten du, baina oraingoan galdera ez da ea elkarrekin biziko ote diren, baizik eta zein baldintzatan egingo duten eta nork ezarriko dituen baldintza horiek.