Ziurgabetasun handiko urtea atzean utzita, urte berriak zer?

Zaila, konplexua, ezegonkorra...hala deskribatu dute hainbat ekonomia eragilek 2023a. 2024a ildo beretik hasiko dela uste dute, baina baikorragoak dira. Hilabeteak pasa ahala, interes-tasen gorakada etenda eta inflazioa apaltze bidean, ekonomiaren hazkundea bizkortutako dela aurreikusten dute

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

2024ra begira zer gerta daitekeen galdetu die EnpresaBIDEAk euskal ekonomia ekosistema osatzen duten zenbait adituri. Amaitzear den urtean, inflazioa, interes-tasen gorakada, ziurgabetasuna eta egoera geopolitiko ezegonkorra bezalako kontzeptuek hartu dute protagonismoa, eta 2024ean, horiek ahaztu eta beste kontzeptu baikorrago batzuk gailentzea espero dute ekonomia eragileek.

Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteak esaterako, lankidetza publiko-pribatua eta enpresen eta erakundeen arteko konfiantza-harremana indartzea jo du 2024rako gakotzat. Yagúek urte hasiera “zaila” aurreikusten du, ekonomiaren hazkundea “laua” izango delarik, baina hilabeteek aurrera egin ahala, hazkundea bizkortzea espero du. Aitzitik, ekonomiaren geldialdia gehien sumatu dezakeen sektorea industria izango dela iritzi dio.

Lankidetza publiko-pribatua eta enpresen eta erakundeen arteko konfiantza-harremana indartzea jo du 2024rako gakotzat Tamara Yagüek

Asis Canales Iberdrolako Pertsona eta Zerbitzu saileko zuzendariak ere ekonomiaren “hoztea” aipatu du, inflazioak eta interes-tasek eraginda. Nolanahi ere, interes-tasen murrizketak herritar guztien poltsikoa arintzea eta inguruko ekonomia suspertzen laguntzea espero du. Energia sektoreari dagokionez, energia berriztagarrien ekoizpenean egindako aurrerapausoak nabarmendu ditu Canalesek, eta 2024ra begira, COP28 goi bileran adostutako neurriak jo ditu giltzarri. Bere esanetan, etorkizunerako erronka “trantsizio energetikoa azkartzea da. Eta elementu egituratzailea industria- eta kontsumo-prozesuen elektrifikazioa da”.

Testuinguru ekonomiko lasaiago baten esperoan

"Gustatuko litzaidake 2024an 'desinflazio orbangabea'-ren iragarpena betetzea", dio Juan Mari Ochoak, Artizarra Fundazioaren sortzaileak. Banku zentralen interes-tasak jaistea espero du, baina inflazioa makurrarazteko gaitasuna beharko da horretarako, eta 2023aren antzera, 2024a ere ziurgabetasunaz ikusten du. Ez du geldialdi orokor bat baztertzen, eta Yagueren gisan, hazkundea behetik gorako bide bat izango dela uste du, 2024ak aurrera egin ahala.

Juan Mari Ochoa: "Gustatuko litzaidake 2024an 'desinflazio orbangabea'-ren iragarpena betetzea"

Ildo beretik mintzatu da Leire Mugerza Mondragon taldeko Batzorde Iraunkorreko presidentea. “Negozioetarako testuingurua lasaitzea” nahiko luke, eta zailtasunez beteriko urtea igarota, “moldatzeko gaitasuna” izan da bere hitzetan 2023ko albistea. Datorren urteari begira, gaitasun bera erakutsi behar dutela uste du. Era berean, instituzioetan kooperatibek merezi duten “errekonozimendua” eta ordezkaritza izatea eskatu du.

Enpleguak portaera ona

Behin baino gehiagotan aipatutako testuinguru zaila bada ere, enpleguak portaera ona izan duela nabarmendu du Iñaki Ruiz Ekonomisten Euskal Elkargoko presidenteak. Baikortasunez begiratzen dio urte berriari, eta 2023a markatu duten gatazka armatuak (Ukrainako gerra eta Palestian eta Israelen arteko gatazka) amaitzea espero du. Horrek munduko ekonomia “nabarmen” hobetuko luke, enpresetako inbertsioak eusten ari dira eta.

Interes tasen “mesetara” ere iritsi garela dio Ruizek, eta epe laburrean beherakadarik egongo ez bada ere, “enpresen eta familien finantza-kostuak lasaiago zenbatetsi ahal izango ditugu”. Bere aburuz, enplegua izango da 2024ko beste erronka handienetako bat, baita Ainara Basurkorentzat ere. Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko diputatuaren arabera, "hazkunde sendoa" izango baitu euskal ekonomiak, enpleguaren sorrera nabarmenduz.

Iñaki Ruiz: "Interes-tasen ikuspegitik, kalkuluen arabera, mesetara iritsi gara"

Zaila ordez konplexu hitza erabili du Basurkok, baina gainerakoen ildo beretik jo du 2023a azaltzerako garaian. Europako ekonomiaren moteltzea gorabehera, baikor azaldu da tokiko ekonomiaz. Jasangarritasuna eta berrikuntza buru duen Bizkaia bat ikusten du 2024an, eta trantsizio digitala, energetikoa, ingurumenekoa eta demografiko bizkortzeko lanean ari direla azpimarratu du.

Bizkaitik Ipar Euskal Herrira, Pantxoa Bimboire Cazenave enpresako arduradunak eta Baionako Merkataritza Ganberako aholkulariak iparraldeko ekonomiaren balorazio positiboa egin du. Langabezia tasa %5,8koa da egun, eta bai soldatek bai langile kopuruak gora egin du. Prudentziarekin ikusten du 2024a, baina inflazioa kalmatuko dela dio. Halaber, espekulazioa eta lurraren eta etxebizitzaren prezioak jo ditu lurraldeko arazo nagusitzat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK