• EKONOMIA
  • Urteko hamar erreportajeak: euskarazko txatbota eta jubilaziorako arau berriak

Urteko hamar erreportajeak: euskarazko txatbota eta jubilaziorako arau berriak

Pentsio-sistemaren erreformek, euskararen kudeaketa eredu berriek, berrikuntza teknologikoek eta ekonomia sozialeko ekimenek markatu dute EnpresaBIDEAko irakurleen interesa urtean zehar

Muntaia: EnpresaBIDEA
Muntaia: EnpresaBIDEA
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko abenduaren 28a - 05:30

Jubilazioaren araubide berritik hasi eta etxebizitzaren alokairu sozialeraino, adimen artifizialetik lehen sektorera edo osasun mentalera arte. Artikulu hauek gaur egungo erronka ekonomiko, sozial eta kultural nagusiak jorratu dituzte, baina askotariko eremuetatik, eta horregatik izan dira, hain zuzen ere, EnpresaBIDEAko irakurleak gehien erakarri dituzten artikuluak. Hona hemen 2025ean irakurleen artean oihartzun handiena izan duten hamar erreportajeak:

 

1. Jubilazioa hartu ahal izateko arau berriak

Urte osoan gehien irakurri den erreportajeak askori noiz edo noiz egokituko zaien gaia lantzen du: jubilazioa. Izan ere, 2024ko abenduaren 23ko Errege Lege-dekretuak aldaketa esanguratsuak ekarri ditu jubilazioaren araubidean, eta artikulu honek xehe azaltzen ditu 2025eko apiriletik aurrera indarrean sartu ziren neurriak: jubilazio aktiboa errazteko baldintzak, pentsioa eta lana bateragarri egiteko aukera zabalagoak, jubilazioa atzeratzeagatik jasoko diren pizgarri ekonomikoak... 

2. Kautxuz, plastikoz eta euskaraz

Cikautxo kooperatiban euskara ez da apaingarri bat: identitatea da, barne-harremanetako hizkuntza naturala eta etorkizunerako apustu estrategikoa. Lea-Artibaiko sustraietatik abiatuta, kooperatibak urteak daramatza euskara plan sendoa garatzen, Bageinke izeneko euskara batzorde propioarekin, bidelagunen ekimenarekin eta 100.000 eurotik gorako inbertsioarekin. Erreportajeak erakusten du nola uztartzen dituzten enpresaren jarduera, automozio sektoreko ziurgabetasuna eta hizkuntza-kudeaketa, euskara lanerako, integraziorako eta talentua erakartzeko giltzarri bihurtuta.

 

3. Mendiak app-a: Euskal Herriko mendietan galtzeko iparrorratz digitala

Euskal Herrian mendiarekiko existitzen den zaletasuna kontuan hartuta, ia behar naturala zen Euskal Herriko errealitatera egokitutako tresna digital bat sortzea. Horixe da Mendiak App, CodeSyntaxek 2016an garatutako aplikazioa, ordutik milaka mendizaleren bidelagun bihurtu dena. Erreportajeak azaltzen du nola uztartzen dituen tontorren informazio zehatza, igoeren erregistroa, erronkak eta komunitatea, erabiltzaile arruntari begira diseinatutako app erraz eta hurbil batean, guztia euskaraz. Dirudienez, astebururo mendira igotzen diren irakurle asko daude EnpresaBIDEAn...

4. Bilobila: luxuzko mohair oihala, Nafar Pirinioetan eginikoa

Areta Lorearen ibilbide pertsonaletik sortu da Bilobila proiektua: nekazaritza ingeniaritzatik eta etologiaren ikasketetatik abiatuta, ekoizpen estentsibo eta ekologiko baten aldeko apustua egin du Nafarroako Pirinioetan, Angora arrazako ahuntzekin. Artikuluan aztertu da nola eraiki duen Areta Loreak inbertsio txikiko ustiategia, salmenta zuzenean eta kalitate goreneko mohair ehunean oinarritua, industria handitik urrun. Landa-eremuaren etorkizunaz, ekoizpen eredu alternatiboez eta kontsumo arduratsuaz gero eta gehiago hitz egiten den honetan, artikuluak interesa piztu du irakurleengan.

5. Aintzane Perez del Palomar, bi hamarkada bete sormena ereiten

Aintzane Perez del Palomarren erretiro atarian, erreportaje honek EITBk azken bi hamarkadetan euskal ikus-entzunezkoen garapenean izan duen rola azaltzen du, antena-eskubideetatik koprodukzioetaraino. Goya Sarien testuingurua baliatuta, EITBren eta ekoizleen arteko hitzarmenak, lege-aldaketek ekarritako betebeharrak eta azken urteetako euskal zinemaren loraldia jartzen ditu fokuan, Aupa Etxebeste!tik 20.000 erle espeziera arteko ibilbidea marraztuta.

6. i+Med: zientzialarien kooperatiba euskararen normalizazioan lanean

Gasteizen sortutako i+Med munduko zientzialarien lehen kooperatiba da, eta hamarkada batean hazkunde azkarra izan duen proiektua. Osasun arloko produktuetan (bereziki hidrogel adimendunetan) eta beste enpresentzako I+G zerbitzuetan espezializatuta, ikerlarien independentzia eta erabakitzeko askatasuna jarri ditu erdigunean. Sei patentetan oinarritutako teknologia propioarekin, egonkortze fasean sartu da orain, inbertsio handiak eginda eta nazioarteko merkatuari begira. Zientzia, kooperatibagintza, finantza-plangintza eta euskararen normalizazioa uztartzen dituen eredu honek enpresa-ikuspegi desberdin bat erakusten du, eta horixe izan da, hein handi batean, erreportajearen indargune nagusietako bat.

7. "Kaixo! Kimu naiz, euskarazko txatbota. Zertan lagun zaitzaket?"

Oraik garatutako Kimu txatbotak erakutsi du posible dela euskaratik eta euskaraz adimen artifiziala sortzea, zeina eraginkorra eta jasangarria den, eta pribatutasuna errespetatzen duen. Small Language Model (SLM) batean oinarrituta, Kimu eredu txikiagoa baina arinagoa da eredu hizkuntza eredu handiak baino, eta tokiko zerbitzarietan instalatzeko aukera ematen du, datuak kanpora atera gabe. EnpresaBIDEAko artikulu honetan azaltzen da nola moldatu dituzten Gemma eta Llama bezalako oinarri-ereduak euskarara, Zelai Handi corpusaren bidez, eta zergatik den metodologia hori beste hizkuntza gutxituentzat ere baliagarria. 

8. Ardi latxaren artilea eta mahastiak lotu dira proiektu jasangarri batekin

Etxauri eta Untzitiko haranen artean sortutako elkarlan aitzindari batek tradizioa, berrikuntza eta iraunkortasuna uztartu ditu, Artillezko Nomadak taldeak eta Otazu upeltegiak egindako esperimentazioaren bidez. Latxa ardiaren artilea, urte luzez hondakintzat hartua izan dena, mahastietan estalki gisa erabiltzen ari dira, lurzoruaren hezetasuna mantentzeko, belar txarrak murrizteko eta ureztatze beharrak gutxitzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-talde baten laguntzaz abiatutako proiektua hasi da emaitza agronomiko baikorrak ematen, baina balio sinboliko eta soziala ere badu: tokiko baliabideei zentzua itzultzea, ekonomia zirkularra praktikan jartzea eta landa-munduko emakumeen arteko aliantza indartzea. 

9. Alokairuaren mundua iraultzera datorren etxe-agentzia

Limes Gipuzkoako etxe-agentzia sozialak bestelako alokairu eredu bat proposatzen du, etxebizitza hutsak komunitatearen mesedetan aktibatuta eta etxejabeen zein maizterren arteko konfiantzan oinarritutako bitartekaritza eginda. Etxekideak, Pisukideak eta Nagusikidea metodologien bidez, alokairu soziala eta etxebizitza partekatua sustatzen dituzte, bidelaguntza integrala eskainiz kontratuaren hasieratik amaierara arte, eta inolako kontraprestazio ekonomikorik eskatu gabe. Erreportajeak erakusten du nola, administrazio publikoekin, erakunde pribatuekin eta komunitatearekin elkarlanean, Limesek etxebizitzaren arazoari ikuspegi inklusibo eta eraldatzailetik heltzen dion, merkatu-logika tradizionaletatik harago. 

10. Osasun mentalaz euskaraz hitz egiteko Garaia

2024ko martxoan Durangon sortutako Garaia enpresak osasun emozionalean arreta integrala eskaintzen du, diziplinarteko ikuspegitik eta ikerketa, prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua zein prestakuntza uztartuta. Hasieratik, euskara izan da proiektuaren balio nagusietako bat, eta horren adierazgarri da aurten eskuratutako Harrobi ziurtagiria. Nola txertatu euskara modu naturalean enpresaren eguneroko jardunean? Zer egin hizkuntza oztopo izan ez dadin? Garaiak argi ditu erronkak: euskararen kudeaketa are gehiago egituratzea eta Harrobi ziurtagiriaren urrezko maila lortzea, osasun emozionala eta hizkuntza propioa kalitatezko zerbitzuaren zutabe gisa sendotuta.