• ENPRESAK GAUR
  • Danobatgroupek %6 handitu du fakturazioa, 366 milioi eurora iritsita

Danobatgroupek %6 handitu du fakturazioa, 366 milioi eurora iritsita

Nazioarteko merkatuetan izandako jarduerak eta sektore dibertsifikazioak bultzatu dute hazkundea; sektore aeroespaziala eskaeren iturri nagusia bihurtu da

Danobaten instalazioak Elgoibarren | Argazkia: Danobatgroup
Danobaten instalazioak Elgoibarren | Argazkia: Danobatgroup
2026ko ekainaren 2a - 10:53
Eg. 2026ko ekainaren 2a - 11:44

Danobatgroup industria taldeak 366 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuen 2025eko ekitaldia, aurreko urtean baino %6 gehiago. Taldearen arabera, nazioarteko presentziak eta jarduera hainbat sektoretan banatuta izateak ahalbidetu dute hazkundeari eustea, Europako ziurgabetasun geopolitikoak, berrikuntza teknologikoaren azelerazioak eta nazioarteko lehia handiagoak markatutako testuinguruan.

 

Emaitza horietan pisu handia izan dute Danobat eta Soraluce enpresek nazioartean egindako salmentek. Balio erantsi handiko proiektuen esportazioen %90 baino gehiago atzerriko merkatuetara bideratu ziren, eta Estatu Batuak izan ziren helmuga nagusia, salmenten %19rekin. Alemaniak eta Italiak ere hobera egin zuten aurreko urteekin alderatuta, nahiz eta oraindik ez diren iritsi iraganeko maila handienetara.

Jarduera sektoreei dagokienez, sektore aeroespaziala taldearen motor nagusi bihurtu da, eskaera guztien %31 bereganatuta. Horrez gain, ekipoko ondasunen eta ingeniaritza orokorraren arloak %23ko pisua izan du, eta energiaren sektoreak nabarmen handitu du bere presentzia, %13ra iritsita. Taldeak igoera hori energia eskariaren aurreikusitako hazkundearekin lotu du, besteak beste datu-zentroen eta adimen artifizialaren garapenaren ondorioz. 

 

Berrikuntzak ere garrantzi handia izan du taldearen jardueran. 2025ean fakturazioaren %9 bideratu zuen berrikuntzara, eta urtean zehar 10 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen instalazioak modernizatzeko eta gaitasun industrialak indartzeko. Aldi berean, adimen artifizialaren aplikazioak garatzen ari da barne-prozesuak optimizatzeko eta bezeroentzako soluzioetan txertatzeko.

Etorkizunari begira, Danobatgroupek 350 milioi eurotik gorako eskaera-zorroa du eta 2026rako zein 2027ko zati baterako proiektuak lotuta ditu. Nerea Aranguren zuzendari nagusiak adierazi du taldeak, “zorro sendoa” dutela, baita “datozen ekitaldietan garatuko diren balio handiko proiektuak” ere, baina ohartarazi du aurreikuspen horiek “erronkaz betetako testuinguru bereziki konplexuan” egin direla eta, horregatik, taldeak zuhurtziaz jardungo duela.