Fagor Ederlan Taldeak Fagor Recycling enpresa berria inauguratu du Blossburgen (Pennsylvania, AEB), Ipar Amerikako industria-jarduera zabaltzeko asmoz. Lorne Kalisky bazkide estrategikoarekin batera sortu du enpresa, eta talde kooperatiboak kapitalaren %51 du. Ekimen berriak aluminio birziklatuaren ekoizpenean jarriko du arreta, eta 2025ean taldean sartutako Fagor Regen Aluminum enpresaren jarduera osatuko du.
Lantegiak material birziklatua soilik erabiliko du aluminiozko lingoteak eta aleazioak ekoizteko. Produktuak, batez ere, AEBko merkatura bideratuko dituzte, automobilgintzako, eraikuntzako eta kontsumo-ondasunen sektoreetako bezeroentzat. Instalazioak urtean 12.000 tona ekoizteko gaitasunarekin ekingo dio jarduerari, baina datozen urteetan kopuru hori 36.000 tonara handitzea aurreikusi dute. Langile kopurua ere handitzea espero dute: hasierako 20 langileetatik 60 lanpostu zuzen izatera pasatzea.
Fagor Ederlanek aurreikusi du enpresa berriak 40 milioi dolarreko fakturazioa izango duela lehen jarduera-urtean, eta urteko 100 milioi dolarreko muga gaindituko duela hazkunde-plana osatzean. Inbertsioaren bidez, taldeak AEBko ekoizpen-gaitasuna handitu eta aluminio-aleazioen eskaintza zabaldu nahi du. Enpresaren arabera, aluminioaren AEBko eskariaren %60 inguru inportazioen bidez asetzen da.
Gauzak horrela, Fagor Recycling eta Fagor Regen Aluminum elkarren osagarri izango dira, eta instalazioen arteko gertutasunak garraioa erraztea eta baliabideak partekatzea ahalbidetuko du. Aluminio birziklatuak, gainera, aluminio berria ekoizteak baino %95 energia gutxiago behar du. Jon Zuazo Fagor Ederlan Taldeko zuzendari nagusiaren esanetan, lantegi berriak aukera emango die Ipar Amerikako bezeroei bertan ekoitzitako aluminio birziklatua eskaintzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta