Bost hilabete pasatxo hartu zuen Igor Herrartek Fagor Taldeko lehendakaritza, hamasei urtez karguan egon den Joxean Alustizaren lekukoa hartuta. Arrasatearrak ondo ezagutzen ditu kooperatibak: orain arte Mondragon Assembly kooperatibako lehendakaria izan eta, beraz, Fagor Taldeko Kontseilu Orokorrean parte hartu izan du. Orain, industria-talde osoaren gidaritza hartu du, mundu mailako ziurgabetasun ekonomiko eta geopolitiko bete-betean.
Herrartek EnpresaBIDEA hartu du Fagorreko bulego orokorretan, Taldearen erronkei, 2030. urterako estrategiari, dibertsifikazioari eta euskarari zein komunitateari buruz solas egiteko.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Hilabete batzuk daramatzazu postuan, zer moduzkoak izan dira lehen hilabete hauek?
Esango nuke emankorrak eta interesgarriak izan direla. Aukeratu nindutenean, Fagor Taldeko kooperatiba den Mondragon Assemblyko lehendakaria nintzen, eta, beraz, Fagor Taldeko Kontseilu Orokorrean parte hartzen nuen; gutxi gorabehera banekien zer topatuko nuen. Dena den, esan beharra dut kooperatiba bateko lehendakari izatea edo Fagor Taldeko lehendakari izatea ez direla guztiz berdinak, batez ere dimentsioagatik. Ondo hasi naizela uste dut, motibatuta. Ni moduko arrasatear batentzat ohore handia da Fagor Taldeko lehendakaria izatea.
Lekukoa hartu diozu Joxean Alustizari. Urte asko zeramatzan postuan. Nolakoa izan da edo izaten ari da erreleboa?
Trantsizio bat izan da. Nik lehendakaritza hartu nuenean, berak kargua utzi zuen ofizialki, baina, beste zeregin batzuekin bada ere, lanean jarraituko du datorren urte hasierara arte. Horrek hainbat hilabete emango dizkit berarekin batera lan egiteko, zeren eta Fagor Taldeak ordezkaritza du organo eta erakunde askotan. Laguntzen ari da lekuetara joaten, jendea ezagutzen, dinamikak barneratzen... Asko eskertzen dut bere laguntza.
Mondragon Assemblyren buru izatetik zatoz, enpresa bakarra, eta orain enpresa askoren talde baten buru zara. Alde horretatik, zein izan da aldaketarik handiena?
Funtzioak apur bat desberdinak dira. Kooperatiban, kooperatiba bereko kideek osatzen dute Kontseilu Errektorea; Taldean, kooperatiba guztietako kideak daude Kontseilu Orokorrean. Bakoitzak bere sektoreak, merkatuak, negozioak eta errealitatea ditu. Eta dimentsioa bera ere kontuan hartu beharrekoa da: Mondragon Assemblyn zortziehun bat langile ginen guztira; Fagor Taldean, berriz, hamar mila langile inguru gara. Gainera, lantegi asko ditugu mundu osoan barreiatuta, eta horrek konplexutasuna gehitzen du, baita negozio-ikuspegitik ere; alor bakar batean edo bitan jarduten zuen kooperatibatik nentorren, eta orain sektore ugaritan egiten dugu lan.
"Gure erremintarik indartsuena inguruan lanpostu onak sortzea da"
Lehen hilabete hauetan zein urrats eman dituzu lehendakari gisa?
Justu kointziditu du nire lehendakaritza hasierak Fagor 2030 hausnarketa estrategikoaren eguneratzearekin. Hurrengo lau urteetarako estrategia bat garatzen ari gara hasierako hilabete hauetan, eta oso egokia da, bat egingo baitu nire agintaldiarekin. Honekin lortu nahi duguna da hurrengo lau urteetarako Fagorren ahaleginari ikuspegi berri eta modernoa ematea, eta ikustea zertan lagundu diezaiekegun kooperatibei talde-lanean sakontzeko. Horretan zentratu naiz bereziki: kooperatiba bakoitzeko gerenteekin eta lehendakariekin bana-banako bilerak egiten hasi gara, eta gero beste bilera bateratu batzuk ere egin ditugu guztiok elkarrekin.
Eta zein helburu jarriko zenituzke datozen lau urte horiei begira?
Helburu nagusiak hausnarketa estrategiko honek ekarriko ditu. Orokorrean, Fagor Taldea bera indartzeari lotuta egongo dira, kooperatiba guztion arteko interkooperazioan sakondu dezagun eta elkarrekin indartsuagoak izan gaitezen. Etorkizunean datozkigun erronkak ez dira makalak izango, eta gure kooperatibak prestatu behar ditugu erronka horiei aurre egiteko. Fagor 2030ek kooperatiba baten alor guztiak barnebiltzen ditu, hala nola lehiakortasuna, berrikuntza, pertsonen ongizatea eta gobernantza demokratikoa, planetaren zaintza eta gizarte konpromisoa. Hausnarketa honen emaitza nire bide-orri izango da datozen lau urteetan.

Iaz 1.735 milioi euroko salmentak izan zituen taldeak, helburuetara iritsita eta egonkor mantenduta. 2026a bukatzen ari da. Zein aurreikuspen ekonomiko dituzue?
Nik uste dut 2026. urte hau aurreko urtearen antzerakoa izango dela salmentetan, emaitzetan eta langile kopuruan; baliteke langile kopuruan apurtxo bat gorago amaitzea. Ikusiko dugu urte amaieran. Esan beharra dago aurreko urtea nahiko ezegonkorra izan zela, eta 2026a ere ez da hobea izan: gerrak dauzkagu, energiarekin arazoak daude, eta testuinguru geopolitikoa oso nahasia da. Hala ere, nik uste dut gure kooperatibek jakin izan dutela egoerari erantzuten, malgutasunez eta azkartasunez, eta aurtengo emaitzak nahiko txukunak izatea espero dugu. Merkatu batzuk okerrago doaz eta beste batzuk hobeto, baina Fagorrek dibertsifikazio handia du, bai merkatu aldetik, hamar herrialde baino gehiagotan baitago, bai sektore aldetik ere: automozioan, makina-erremintan, automatizazioan, energian, etxetresnetan, elektronikan, erdieroaleetan eta osasungintzan ari gara, besteak beste. Dibertsifikazio horrek oreka eta egonkortasun handia ematen digu mundu mailako desoreken aurrean.
Aipatu dituzun faktore horiek —geopolitika, industriaren ahulezia, muga-zergak...— "eragina izango dutela" zioen Amaia Agirrek iaz EnpresaBIDEAri eskainitako elkarrizketan. Zer nolakoa izaten ari da eragin hori?
Urte batzuk badira faktore horiek gainean ditugula. Nire ustez, garrantzitsuena ez da faktore horietatik ihes egitea; egin behar dena da faktoreak ondo ezagutu, gure ekonomian eta enpresetan duten eragina aztertu, eta olatu horren gainean igeri egiten saiatu. Aldaketa handi horiek aukera berriak ere ekarriko dizkigute, eta jakin behar dugu aukera horiek ahalik eta azkarren identifikatzen eta haiei erantzuten. Adibidez, automozioaren sektorean krisi handi bat dago Europan, bertako enpresak gainbeheran doaz eta Txinakoak oso oldarkor datoz euren produktuekin. Horren aurrean erantzun sortzailea eman du Fagor Ederlanek: aliantza bat egin du Txinako Duoli Technology enpresarekin. Bien artean, Fagor Ederlanek Zaragozan itxita zeukan fabrika bat berrireki dute, eta Duoliren produktuarekin ibilgailu elektrikoentzako txasisak eta egiturazko osagaiak ekoitziko dituzte. Merkatu horretan ez zegoen orain arte Fagor Ederlan, eta arriskuari erantzun dio elkarlanean. Txina mehatxu moduan ikus daiteke, baina baita aukera moduan ere. Badago aipatu daitekeen beste adibide bat: besteak beste, kontrol numerikoak eta makinentzako neurtzeko erregelak ekoizten ditu Fagor Automation kooperatibak, eta alor horretan, gaur egun Txina du merkatu nagusia; salmenta asko ditu bertan.
"Txina munduko ekonomia globalizatuan indarrez sartzeak paradigma-aldaketa izugarria ekarriko du, edo ekarri du"
Fagorrek agian bazeukan abantaila, urteak daramatzalako Txinan…
Fagorreko enpresak duela urte asko eta asko daude Txinan, eta badakigu txinatarrek nola pentsatzen duten eta nolakoa den hango ekonomia. Horri loturik, azpimarra jarriko nuke Mondragon Taldeak nazioartekotzearen gainean ematen digun laguntzan. Horri esker, badugu posizio bat herrialdean.
Txina munduko ekonomia globalizatuan indarrez sartzeak paradigma-aldaketa izugarria ekarriko du, edo ekarri du. Lehen ekonomia modu batean ikusten zen, eta orain Txinaren eraginez beste modu batera ikusten da; uste dut ezinbestekoa izango dela mendebaldeko industriak aldaketa horri jarraitzea.
Aipatu duzu adibidea, Duolirekin sortutako aliantzarena; lehiakortasuna hobetze aldera beste horrelako aliantzarik edo proiekturik aurreikusten duzue epe hurbilera?
Bai, adibidez, Fagor Ederlanek eta Mondragon Assemblyk Ederbatt izeneko proiektua daukate baterien munduan, ibilgailu elektrikoen elektrifikazio-sektorean. Proiektu oso gaztea da, autobus, kamioi edo itsasontzietarako LFP bateriak garatzera bideratua, baina hor sartuta gabiltza. Beste aliantza batzuk ere badaude dibertsifikazioaren esparruan: Fagor Arrasate siloen eta robot humanoideen merkatuetan sartu da, Mondragon Assemblyk ikuspen artifizialaren eta packagingaren merkatuei heldu die, Fagor Electrónicak Multimedia Perspective sortu du, Fagor Ederlanek urratsak egin ditu ekonomia zirkularrean AEBko enpresa batekin lehengaiak birziklatzeko negozio bat sortuz…
Elkarlanak egitetik datozen emaitzak dira. Norberaren esperientzia eta kanpoko eragileen jakintza batzeak asko errazten du proiektuak eraikitzea. Etorkizunean ere ikusiko ditugu horrelako apustuak.
Europan hitz egin da Txinako enpresak gehiago erregulatzeaz, edo hemen zerbait egin behar badute bertako enpresekin lan egitera derrigortuta egoteari buruz. Zer deritzozu?
Alde batetik, uste dut erregulazioak justua izan behar duela: enpresa bat leku batetik edo bestetik etorri, ezin da desberdintasunik egon bete beharreko baldintzetan. Baina, beste alde batetik, Europako enpresok ere ikasi behar dugu lehiakorrak izaten; ezin gara erregulazioaren mende soilik egon, ezta erregulazioan babestuta bakarrik lehiatu ere. Egia da agian Txinak ez duela hain erregulazio zorrotzik, baina badituzte oso lehiakor bihurtzen dituzten beste ezaugarri batzuk. Beraz, Europako industrian, orokorrean lehiakortasuna eta barne-eraginkortasuna hobetu behar ditugu: merkatua ondo ezagutu, bezeroei entzun eta eurek behar dutena modu lehiakorrean eskaini. Horregatik da hain garrantzitsua Fagorrek berrikuntza-zentroen eta etengabeko ikerketaren alde egindako apustua, etorkizunari aurrea hartzeko.
Aipatu duzu tamainak egonkortasuna ematen diola taldeari, eta ildo horretatik kooperatiba bat gehitu zaizue aurten: Fagor Healthcare. Zer moduzkoak izan dira lehen hilabeteak?
Duela hamabost bat urte Fagor Etxetresnatik jaio zen Fagor Healthcare, eta urte hauetan guztietan produktua garatzen eta merkatuan sartzen ibili da, enpresa kontsolidatu nahian. Orain dela gutxi kooperatiba bihurtu zen bere osotasunean, eta Fagor Taldeko kide gazteena da gaur egun. Hamabost bat lagun dira eta osasungintzaren eremuan eskaintzen dituzte euren produktuak. Azken urteetako emaitzak oso onak izan dira: errentagarritasun-maila handia dute eta geografikoki inpaktua zabaltzen ari dira. Dagoeneko 3.000 dosifikatzaile mediko baino gehiago eta 20 milioi dispentsadore inguru saldu dituzte, eta farmaziekin hitzarmen garrantzitsuak lortu dituzte. Fagorreko enpresek ez dute orain arte asko lan egin osasungintzan, eta oso aberasgarria da ezagutza hori taldean jasotzea.
"Fagor Arrasatek planta berri bat zabalduko du, tamaina oso handiko mekanizazioak egiteko, eta 2027an hasiko da martxan"
Taldeko beste kooperatibekiko diferenteagoa da Fagor Healthcare?
Medikuntzaren esparruan beste enpresa batzuek ere egiten dute lana, adibidez Mondragon Assemblyk, baina ikuspegi industrial batetik: fabriketan produktu medikoak ekoizteko makinak egiten ditu, B2B ereduan. Fagor Healthcarek, berriz, farmazietan edo erabiltzaileek etxean baliatzeko makinak egiten ditu, botiken dosifikazioa kudeatzeko eta pazienteek noiz zer hartu behar duten argi edukitzeko. Beraz, B2C ikuspegi batera gehiago hurbiltzen da. Sektorea antzekoa izan arren, kanala eta merkatua desberdinak dira, eta horrek Taldea aberasten du.

Hurrengo urtera begira, dibertsifikazioan beste pausorik ematea aurreikusten da?
Bai, pauso gehiago emango dira. Gure kooperatibak buru-belarri ari dira lanean dibertsifikazioan, gure negozio batzuk helduak direlako, sektore tradizionaletan ari direnak, eta epe ertainera alternatibak topatu behar ditugulako. Kooperatiba guztiak dabiltza horretan: Fagor Arrasatek mekanizazio-planta berri bat zabalduko du, tamaina oso handiko mekanizazioak egiteko, eta 2027an hasiko da martxan; Coprecik planta berri bat zabaldu du Egipton, dibertsifikazio geografikoa bilatuz... 2027. urtean beste adibide batzuk ikusi ahal izango ditugu. Dibertsifikazio horrek sendotasun handia ematen dio Taldeari.
Fagor Arrasateren lantegi berri horrek zer ekarpen egingo dio taldeari?
Mekanizaziorako fabrika berri bat da, Arrasaten bertan kokatua, eta 2027 erdialderako martxan egon beharko lukeena; ia amaituta dago eraikuntza. Horrekin tamaina oso handiko piezak mekanizatu ahal izango dira, bai euren enpresarako, bai kanpoko bezeroei begira. Gure inguru zabalean ez dago hain pieza handiak mekanizatzeko gaitasuna duen enpresarik, eta beste dibertsifikazio-urrats garrantzitsu bat izango da.
Onnera Groupek ere berriki ireki du lantegi berria Oñatin. Zer moduz doa proiektua?
Bai, fabrika berria egin dute osorik, ekoizpen-lerroak asko modernizatu dituzte eta produktu berriak modu eraginkorrago eta ergonomikoagoan egiteko gai dira. Garbikuntza eta sukalde industrialen arloan etorkizunari aurre egiteko erreminta ona izango da.
"Bazkideek euren kooperatibaren inguruan erabakitzeko duten eskubidea errespetatu egiten da beti"
Lantegi berri horiek Debagoienean bertan eraikitzea berariaz egindako apustua da?
Fagor Taldearen izaeraren arrazoi nagusietako bat gure komunitatea indartzea da. Horretarako bi estrategia nagusi ditugu: batetik, kooperatibak berak, non lanpostu asko sortzen ditugun, egitura demokratikoekin eta etekinak era justuan banatuz; eta, bestetik, gizartean dugun eragina, proiektu sozialen bidez. Azken finean, gizartean eragiteko dugun erremintarik indartsuena gure inguruan lanpostu onak sortzea da. Urrun joan gabe, baditugu bi adibide argi, Fagor Arrasaterena eta Onnera Groupena: milioietako inbertsioak dituzte bailaran bertan, agian beste nonbait merkeago ekoizteko aukera izan arren, lehentasuna delako gure lurraldean lana sortzea eta haren ongizatea bermatzea. Inbertsio horiek puntako teknologiak, ekoizpen prozesu efizienteagoak… dakartzate. Epe luzeko ikuspegiarekin eta konpromisoarekin egindako apustuak dira, eta bailaran bertan egitea erabaki da.
Onnera Groupek Fagor Taldea uzteko prozesua zabaldu duela iragarri zen duela gutxi. Zer esan dezakezu horri buruz?
Onnerak prozesu bat ireki du Fagor Taldea uzteko, eta azaro amaieran egingo duten ezohiko Batzar Nagusian erabakiko dute, bozketaren bidez, Taldean mantendu edo ez. Talde honetan gobernantza demokratikoa dago, eta bazkideek euren kooperatibaren inguruan erabakitzeko duten eskubidea errespetatu egiten da beti. Pena ematen du, elkarrekin urrunago iristen garelako beti, baina erabaki subiranook errespetatzea ezinbestekoa da kooperatibagintzan.
Gaia aldatuz: kooperatiba-izaerak, zure iritziz, zer ematen dio taldeari lehiakortasunari dagokionez, akaso beste enpresa-eredu batek izango ez lukeena?
Lehiakortasunari begira abantaila argia da. Kooperatiba batean, langilea bazkidea da, langileok gara enpresaren jabeak. Horrek pertenentzia sentimendua indartzen du, eta, beraz, proiektua iraunkor izateko baldintzak hobetzen ditu. Beste enpresa batzuk baino sendoago bilakatzen gaitu: enpresa gurea dela sentitzen dugu eta ahaleginak egiteko prest gaude proiektua bizirik mantentzeko.
Talentua erakartzeko ere tresna bikaina da: gaur egun gazteek lanpostu bati zerbait gehiago eskatzen diote, ez soilik lana eman eta soldata jasotzea; besteak beste, parte hartu nahi dute egunerokoan eta erabakietan. Kooperatibek askoz hobe erantzuten diete halako balio immaterialei. Finean, kooperatiba bat beti izango da proiektu gizatiarrago bat; guk dauzkagun balioek hobeto zaintzen dute gizakia eta gizartea.
Bestalde, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren markoan, kooperatibek erreminta ugari ditugu elkartasuna gauzatzeko: LagunAro, Laboral Kutxa edo Mondragon Unibertsitatea ditugu oinarri gisa. Desoreka-garaietan mekanismo sendoak ditugu elkarri ekonomikoki laguntzeko, teknologia eta merkatuko ezagutza partekatzeko, eta, batez ere, lanpostuak babesteko. Kooperatiba batean arazoak daudenean langileak beste kooperatiba batzuetan birkokatzeko gaitasuna dugu; horrek erabat bereizten gaitu enpresa arruntetatik.
"Gazteei indibidualismoa egozten zaie maiz, baina askok inoiz baino gehiago bilatzen dute beste balio batzuk dituzten antolakundeetan parte hartzea"
“Kooperatibetan oso gutxi aritu gara kanpora begira egiten dugun guztia transmititzen”, zioen Agirrek. Ildo beretik, Mikel Larrea Konfekoopeko zuzendariak honakoa zioen: “Eredu kooperatiboa ezezaguna da oraindik askorentzat”. Uste duzu kooperatiba ereduari buruzko dibulgazioa falta dela?
Esango nuke askoz hobeak garela gauzak egiten kontatzen baino. Ez dakit dibulgazio gehiago edo hobea behar den, edota kooperatibista bakoitza enbaxadore bihurtu behar garen, baina landu beharreko kontua da. Mundu guztitik milaka pertsona eta entitate etortzen dira urtero gure eredua ezagutzera; ia kooperatibei buruzko ezagutza eta aitortza hobea dago kanpoan gure inguruan baino, eta hori arraroa da. Etorkizunean ahalegin bat egin beharko dugu gure mezua komunitatera hobeto helarazteko.
Kooperatibei buruzko abantailak aipatu dituzu, baina desabantailarik ikusten al diozu eredu honi?
Nik uste dut kooperatibak ez duela desabantailarik, abantailak baino ez dituela. Bizi garen mundu super kapitalista eta ultra liberal honetan, kooperatibak uharte moduko bat dira: proiektu gizatiarragoak dira, pertsona erdigunean jartzen dutenak; ez, hainbeste, dirua. Horrek ez du esan nahi lehiakorrak ez garenik; lehiakorrak gara eta egunez egun ari gara horretarako tresnak hobetzeko lanean. Gainera, gizatiarrak izateak fruituak ematen ditu: ingurunean berdintasuna handiagoa da, aberastasuna hobeto banatzen da eta arazoei soluzioak modu kolektiboan eta auto-eraketan bilatzera bultzatzen gaitu. Gure helburua ez da epe motzean aberastea, epe luzera gizartea aberastea baizik. Egiten dugun ekarpena garrantzitsua da.

Enpresa berri bat ireki behar duen ekintzaile bati zergatik gomendatuko zenioke kooperatiba-eredua aukeratzea?
Antzeko arrazoiengatik: bere proiektuak edo lanak askoz inpaktu sakonagoa izango duelako inguruan. Proiektu hori kooperatiba gisa eratzen badu, irabazi guztiak ez ditu bere poltsikoa betetzera bideratuko, baina pertsonalki beteago egongo da seguru.
Hazikoopen arabera, 18 eta 25 urte arteko gazte ekintzaileen artean kooperatiba izaera hautatzen dutenen ehunekoa igo egin da azken urtean, %10etik %18ra. Pozgarria da datu hori?
Oso positiboa da. Gaur egun gazteei indibidualismoa egozten zaie maiz, baina askok inoiz baino gehiago bilatzen dute beste balio batzuk dituzten antolakundeetan parte hartzea: parte-hartzea, demokrazia, talde-lana eta norbera subjektu aktibo izatea. Lanpostu batek ez luke transakzio ekonomiko batera mugatu beharko. Kooperatibek bikain erantzuten diote horri.
Gazteen gaiari helduta, Fagor Taldeak gradu amaierako lanak eta programa dualak euskaraz egiteko aukera sustatzen du. Zergatik egiten duzue apustu hori?
Fagor Taldeak aspaldiko urteetan izan du euskararen aldeko estrategia; aspaldi egin genion euskara normalizatzeko eragile aktibo izateko konpromisoari. Fagor Taldeko lehen euskara-planak orain dela urte asko jarri ziren martxan, eta Euskal Herri mailan aitzindariak izan ginen alor sozioekonomikoan. Gaur egun ere lidergo horri eusten diogu: gure enpresetako sail asko benetako arnasguneak dira, eta kalean baino erabilera handiagoa dago bertan, baina ez gara horrekin konformatzen. Besteak beste, unibertsitatean euskaraz ikasten duten gazteak lan-mundura salto egitean gaztelaniaz aritzera behartuta ikusten ditugu sarritan, eta Fagorren uste dugu badagokigula hori horrela izan ez dadin lan egitea, bide natural hori euskaraz egiteko aukera bermatzea.
Trebe tresnarekin —dokumentuak itzuli zein euskaraz sortzeko tresnarekin— proba pilotua egin zenuten Fagorren. Zer konta dezakezu probari buruz?
Fagor oso ingurune egokia da horrelako esperimentazioak egiteko. Euskararen presentzia industrian handitzeko baliabide teknologikoak behar ditugu, eta guk baditugu jada epe luzeko prozesuak martxan; adibidez, laneko testuak zein elkarrizketak itzultzeko, euskaratik gaztelaniara edo alderantziz. Oraindik garapen fasean dira baliabide asko, eta beste zenbaitek oso baldintza konkretuak behar dituzte erabilgarri izateko —batez ere, elkarrizketetarako erabiltzen diren tresnak—, baina garrantzitsua da hobetzen jarraitzeko apustua egitea. Bide horretan, proba pilotu bat dugu egina Treberekin, eta ikasitakoa beste baliabide teknologiko batzuetara ere zabaldu gura dugu. Azken finean, helburua da lan munduan euskararen erabilera indartzea.
"Gure helburua ez da epe motzean aberastea, epe luzera gizartea aberastea baizik"
Lanketa gehigarririk egin duzue edo aurreikusten duzue laster egitea euskararen alorrean?
Esperimentu eta ekimen ugari ditugu martxan aldi berean. Batetik, Uler-hizketa dugu: euskaraz oso gutxi dakienarekin elkarrizketa euskaraz mantentzeko saiakera da, talde batean pertsona hori integratuz bere ikasketa bultzatzeko eta gainerakoei euskaraz lan egitea bermatzeko. Bestetik, murgiltze-prozesuak ditugu, eta, bereziki, harrera-planak. Fagorreko harrera-planak ez dira esperimentu soilak: kontratazioetan euskarari garrantzia ematen zaio, eta pertsonen laneratzea euskaratik bultzatzeko bideak eta laguntzak definitzen dira, kohesio sozialerako erreminta gisa baliatuz.
Gainera, 76 arnasgune ditugu Taldean. Arnasguneak tamaina desberdinetakoak dira: lantalde bat, sekzio bat, zentro teknologiko bat —Edertek den bezala, adibidez— edo tailer bat. Ezaugarri nagusia da bertan euskararen ezagutza eta erabilera %80tik gorakoa dela. Espazio horietan langileek euren konpromisoa hartzen dute euskaraz aritzeko, eta giro erosoa sortzen da hizkuntza-ohiturak babesteko eta zailtasunak izan ditzaketenak modu naturalean laguntzeko.
Kultura-aniztasuna gero eta handiagoa da gizartean eta enpresetan. Horrek hizkuntzen kudeaketa zailtzen al du?
Eragina badu, ez soilik euskarari dagokionez, baita gure enpresak antolatzeko moduan ere. Beste herrialde batzuetatik heldu berri den jende askok ez daki euskaraz, eta, batzuetan, ezta gaztelaniaz ere ez. Horren aurrean, Mondragon Taldearekin batera integrazio-proiektu bat daukagu abian, pertsona zaurgarriei kooperatibetan sartzen eta gizarteratzen laguntzeko. Hor hizkuntzak pisu handia du, baina baita formazio teknikoak ere; bi urte daramatzagu esperimentu honekin eta fruitu oso positiboak ematen ari da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta