Etxetik urrun inauguratu du azpiegitura berria Lieder Automotivek: Zaragozako Borja herrian, hain zuzen ere. Zortzi hilabeteren ostean prest dago 15.000 metro karratuko azpiegitura berria, non ibilgailu elektrikoentzako egiturazko osagaiak fabrikatuko diren. 1998tik 2019ra bitartean Fagor Ederlanek martxan izan zuen lantegia, baina ordutik hutsik zegoen. Lantegia berrabiaraztearen ondorioz, ordea, 170 lanpostu baino gehiago sortu dira.
Bi konpainien arteko aliantzaren ondorio da proiektua: Duoli Technology enpresa txinatarraren eta Fagor Ederlanen arteko aliantzaren ondorio. Bi taldeen artean eratu zuten Lieder Automotive konpainia pasa den urteko abenduan, eta une hartantxe iragarri zuten Zaragozako Borja herrian ezarriko zela enpresaren egoitza. Esan eta egin. Instalazio berrian 14 ekoizpen-lerro eta 138 robot baino gehiago dituzte, "muntatze-prozesu aurreratuekin eta automobilgintzaren industrian beharrezkoak diren kalitate-, efizientzia- eta segurtasun-estandarrak bermatzera bideratutako sistemekin", azaldu dute. Bertan fabrikatutako osagaiak Stellantis taldeak Figueruelasen (Zaragoza) duen instalaziora bidaliko dira.
Fagor Ederlan Groupeko zuzendari exekutibo den Jon Zuazok azpimarratu du lantegi berria prest dagoela eboluzionatzeko, produktu berriak sartzeko eta bezero berriei arreta emateko, eta datozen urteetan instalazioaren gaitasunak handitzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta