Gabriel García Marquez Gabo famatuak defendatzen du erreportajea dela kazetaritzako formaturik nobleena eta bereizgarriena. Aitzitik, solasaldi aberasgarriek elkarrizketak maila berean kokatzera eramaten dituela uste du hedabide honek, gehienetan aurpegia ematen duen pertsonaren edo protagonistaren hitzen atzean kolektiboki eraikitako diskurtsoa topatzen delako. Ekintzailetzari loturikoa, kooperatibismoari loturikoa, lehen sektoreari loturikoa, edota erreferente beharra aldarrikatzen duena. Horiek dira, hain zuzen ere, aurten EnpresaBIDEAko irakurleek gogokoen izan dituzuen elkarrizketetan jorratutakoak, baita kontsumoa, turismoa, zahartze aktiboa eta euskara ere.
1. Mohamed Ayman Seddik: “Modu positiboan eragin nahi dut gizartean Aradulceren bitartez”
Demagun migrazio prozesu baten ostean adingabeen zentroko egoiliar izaten amaitzen duzula. Imajinatu, ondoren, horietako hezitzaile ere bihurtzen zarela. Gerora, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasketak egiten dituzula unibertsitatean. Eta ibilbide guztiaren ostean, okindegi-gozotegia zabaltzen duzula Tolosako (Gipuzkoako) kale nagusian, gizartean "modu positiboan" eragin asmoz. Ez da asmatutako historia bat: Mohamed Ayman Seddik du protagonista.
2. Amaia Agirre (Fagor taldea): "Datorren urtetik aurrera bederatzi kooperatiba izango gara"
Ziurgabetasun egoerak ez ezik, ekonomikoki aurrera egiteko beharrak ere etengabe egokitzera behartzen ditu enpresak. Fagor Taldearen kasuan, badirudi oreka bi estrategiaren uztartzean dagoela, Amaia Agirre taldeko idazkari orokorrak kontatutakoaren arabera: merkatu berrien aldeko apustua indartu, sektore tradizionalak eraberritzen diren bitartean. Eta hori guztia, izaera kooperatiboa galdu gabe beharrezkoak diren egokitzapenak egiten. "Guk, esaterako, buelta bat eman diogu gure gobernantza ereduari, gure organo sozialen funtzionamendua egokiagoa izateko. Azken Batzar Nagusian hainbat aldaketa normatibo eta estatutario proposatu genituen"
3. Lanaren zentzua: "Pertsonen ongizateak eta enpresaren ongizateak elkar kondizionatzen dute"
Lan egiteko moduak aldatzen ari direla gutxik eztabaidatzen dute egun, eta horrek lanaren zentzua ulertzeko eta errealitate berrira egokitzeko ariketak eskatzen ditu. Hori da Lanaren Zentzua izeneko proiektuaren helburua, eta bertan parte hartu duten eragileen artean dira Iñaki Salaberria Karela Solutionseko zuzendari nagusia, Nerea Iriarte Lanmobeleko zuzendari nagusia eta Eider Manso Bexen Medicaleko Pertsonen Kudeaketa Estrategikoko kidea. Hiruen arteko solasaldiak irakurleen arreta piztu du.
4. Joanes Haritschelhar: "Etxaldeen transmisioa aski konplikatua da, lurraren prezioa dela eta"
Ama mahastizaina zuen Joanes Haritschelharrek, eta hark 2022an erretiroa hartu zuenean lekukoa eman zion. Baina amak egiten zuena pauso bat harago eramateko apustua egin zuen Haritschelharrek, mahatsak arnoa ekoizteko erabili eta upategi txiki bat sortuta. "Produktu eder bat egitea eta Irulegiko mahastizain berrien artean egon eta arnoen dinamikan parte hartzea biziki pozgarria da", kontatu du.
5. Jone Zubizarreta: "Gertuko erreferenteak behar ditugu neska gehiagok ingeniaritza ikas dezaten"
STEAM bokazioak sustatzeko beharra ezinbesteko estrategiatzat jotzen dute hainbatek, are gehiago emakumeen kasuan. Badira, ordea, horren aldeko apustua egiten dutenak ere. Jone Zubizarreta da horietako bat. Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza Elektronikoa ikasi eta EHUn masterra egin ostean, Ikerlanen hasi zen lanean uztailean, praktikak zentro teknologiko horretan bertan egin ostean. "Gauzak aldatzen ari dira, baina asko dago egiteko oraindik. Ingeniaritza elektronikoko graduan 4-5 neska ginen soilik", adierazi du.
6. Maria Jesus Luengo: “Krisi ekonomikoek eragina dute erosketa ekologikoa egiteko joeran”
Kontsumitzaileek produktu ekologikoak erosi ala ez eragiten duten faktoreak zeintzuk dira? Galdera hori du abiapuntu EHUko Finantza Ekonomia II Sailak eta Ekonomia eta Kudeaketa Sailak eginiko ikerketa batek. Hori aztertu duten ikertzaileen artean da María Jesús Luengo. Per capita errentaren eragina edo krisi ekonomikoena dira aztertu diren faktoreak, besteak beste, eta hainbat gako partekatu ditu Luengok EnpresaBIDEArekin.
7. Eider Etxebarria (Bizipoz): “Beti ondo egon beharrak kaltea egin dio zahartze aktiboari”
Ekintzailetzari loturiko aitortza ugari jaso ditu Eider Etxebarria Bizipozeko sortzaileetako batek, eta hark egiten duen lanak EnpresaBIDEAko irakurleen interesa ere piztu du. Beatriz Santamariarekin batera sortu zenuen Bizipoz gizarte-ekimeneko kooperatibaren helburua da zahartze aktiboa sustatzea. Are gehiago, euskarazko erretiro hitzaren aurrean, jubilazio terminoaren erabilera aldarrikatzen du Etxebarriak.
8. Maider Pérez: “Ez, turismo guztia ez da etsaia”
Zeri buruz ari gara turismo jasangarriari buruz ari garenean? Turismoa etikoa izan al daiteke? Freetourrak bai ala ez? Horiexek dira Maider Pérez Euskadi Turismo de Novela proiektuaren sortzaileak mahaigaineratzen dituen hausnarketetako batzuk. Eta beste hainbat gauzen artean, "gertutasuna" aldarrikatu du bere eskaintza turistikoaren elementu gako gisa.
9. Arturo Villanueva (Biba Ardoak): "Hobe ehunka etxalde txiki handi gutxi batzuk baino"
Euskal Herriko ardo ekologiko, natural eta biodinamikoen banaketaz arduratzen da Biba Ardoak irabazi-asmorik gabeko kooperatiba. Bestela esanda, zubilana da berea, ekoizle txikien artekoa eta kontsumitzaile kontzienteen artekoa. Arturo Villanueva du zuzendari komertzial, eta hark aldarrikatu du eurak defendatzen duten filosofia. "Ekonomia sozial eraldatzailean, elikadura burujabetzan eta agroekologian oinarrituta lan egiten dugu".
10. Ainhoa Mendibil: “Atera diotena baino marka-etekin gehiago atera diezaiokete enpresek euskarari”
Emuneko aholkulari den Ainhoa Mendibilek argi du: "Enpresa bat, 2025ean eta Euskal Herrian, euskalduntzean ekarpen bat egiten duelako izango da konprometitua". Are gehiago, euskararen biziberritzean hainbat enpresa egiten ari diren ekarpena balioan jarri nahi izan du, euskalwashinga existitzen dela ukatu gabe.