• EKONOMIA
  • Erretiroa eta lana uztartzeko aukera gehiago izango dituzte Hego Euskal Herriko langileek

Erretiroa eta lana uztartzeko aukera gehiago izango dituzte Hego Euskal Herriko langileek

Lan merkatura itzuli nahi dutenek, beste baten konturako ez ezik, autonomo gisa ere egin ahal izango dute

Argazkia: Moncloa
Argazkia: Moncloa
2026ko maiatzaren 26a - 17:09

Hego Euskal Herriko langileek “erretiro malguagorako” aukera izango dute aurrerantzean. Espainiako ministro-kontseiluak gaur onartu duen dekretuak aldatu egingo ditu lana eta erretiro pentsioa uztartzeko orain arteko baldintzak, besteak beste, autonomo izan nahi dutenei bi gauzak uztartzeko aukera emanez. 

 

Erretiro malguaren modalitateak bateragarri egiten du erretiratu den pertsonak lan egiten jarraitzea, eta, aldi berean, pentsioaren zati bat ere eskuratzea. Orain arte, beharrezkoa zen beste baten konturako lan egitea, alegia, autonomo lana egin nahi ez izatea; dekretu berriarekin, aldiz, beren lan propioa egin nahi dutenek ere gauza bera egin ahal izango dute, baldintza desberdinekin bada ere.

Beste baten konturako lan egiten dutenen kasuan, erretiratu ostean lan egin beharreko jardunaldia handitu du dektretuak: lehen erretiratuak jardunaldiaren %25 eta %75 artean egin behar zuen nahitaez, eta orain gutxieneko %33tik gehieneko %80ra lan egiteko aukera izango du. Kasu horietan, pentsioaren zenbatekoa murriztu egingo litzateke lanaldiaren murrizketaren alderantzizko proportzioan. Era berean, Gobernuak erretiratuak lanera itzultzera animatu nahi dituenez, pizgarriak ere ezarriko ditu: lanera itzultzen denak %55 eta %80aren bitartean, dagokion pentsioari %25 gehituko dio; jardunaldiaren %33tik %55era bitartean lan egitea aukeratzen duenak, aldiz, %15eko gehigarria jasoko du. 

 

Autonomoen kasuan egoera bestelakoa da: pentsionistak dagokion pentsioaren %25 jasoko du gehienez ere. Hala ere, erretiratuak ezin izango modalitate hau aukeratu azken hiru urteetan autonomo gisa alta emanda egon bada; izan ere, neurria pentsatuta dago lan merkatura itzuli nahi duenarentzako, eta ez inoiz lan egiteari utzi ez dionarentzako.

“Gure helburua da langileek aukera gehiago eta hobeak izatea erretiroa hartzeko edo enplegua eta pentsioa bateratzeko, eta horretarako proposatzen dugu erretiro-modalitate malguago hau”, azaldu du Elma Saiza Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak.