
Ekonomia ertz askotatik aztertzeko aukera izan dugu 2024 honetan. Elkarrizketen bidez, ekintzailetza proiektuak, sariren bat irabazi duten ekonomialariak, filosofoak edota irakasleen lana ezagutu ahal izan dugu, eta haien bitartez, ekonomiari aurpegiak jartzeaz gain, ditugun erronketan sakondu eta irtenbide aukerak aztertu ditugu. Besteak beste, ekonomia abstrakziotik atera dugu, zientziari emakume aurpegia jarri diogu, zaldiekin terapia egiten duen ekintzaile bat ezagutu dugu eta energiaren sektorean politika izaten ari den eragina ulertzen saiatu gara Honatx aurten irakurrienak izan diren EnpresaBIDEAko hamar elkarrizketak:
1. Libe Bastida: "Soldata duina, ordutegi malgua eta giro ona da gazteek gehien baloratzen dutena"
ASLEn ekintzailetza teknikaria da Libe Bastida. Aurten, MALAGES (Master Amaierako Lanen Gezki Sariak) saria irabazi du, gazteek enplegu bat hautatzerako orduan lanaren zentzuarekiko duten pertzepzio eta balioen inguruko azterketa batekin. EnpresaBIDEAn mintzatu zen azterlanaren gainean: "Lan egonkor eta seguru bat nahi dute gazteek. Gaur egun, erosahalmena beheraka doa, emantzipazio arazoak daude… soldata altua baino gehiago, lan duina eskatzen dute".
2. Amaia Oleaga: “Bizitza antolatzeko modua da ekonomia, eta ezin dugu aspergarria egin”
Ekonomia eta Rap-ak a priori zerikusi gutxi badute ere, Oleagak bi elementuok uztartu zituen proposamen pedagogiko batean. Sopelako Ander Deuna ikastolako irakasleak eta EnpresaBIDEAko iritzigileak Arcadi Oliveres saria eskuratu zuen proiektu honengatik. Eguneroko erabaki txiki askotan ezkutatzen da ekonomia, bestela, entzun Odei Barrosoren Ze preziotan abestia. Oleagaren hitzetan, "ekonomiako irakasleei askotan pasatzen zaigu, gaiak ikasleen bizitzan duen inportantzia eta inpaktua transmititu nahi izaten dugu, baina hauei oso abstraktua egiten zaie".
3. Leire Bereziartua: "Neska askok 12 urterekin jada deskonektatzen dute zientzia munduarekin"
Nazioarteko emakume egunaren aitzakiarekin elkarrizketatu genuen Bereziartua. Txikitatik gustatu zaio teknologia mundua, eta ibilbide profesional oparoa burutzen ari da esparru horretan. Sektorean emakumeak duen presentziaz mintzatu zen, baita azkenaldian landutako hainbat ikerketa lerroetaz ere.
"Gizonek ohitura gehiago dute zer egiten duten eta nondik datozen kontatzeko. Eta guk emakumeok zergatik ez dugu gureaz harrotasunez hitz egiten?", galdegin zuen elkarrizketan.
4. Ziortza Llano: “Argi izan dut beti nire bizitza profesionalean zaldiekin arituko nintzela"
Tituluak argi dio, zaldien gainean ibiltzen da Llano. Tipi-Tapa izeneko zaldiekin lagundutako hipoterapia zerbitzuak eskaintzen dituen zentroa sortu du. Aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea du xede egitasmoak, izan ere, zaldiak animalia sozialak dira, oso sentiberak, hitzik gabeko hizkuntza interpretatzeko gaitasun handia dute eta konexio berezi bat lor dezakete pertsonekin. Bere esanetan, "ekintzailetza prozesua burutzea, emakumea eta gaztea izanda, zaila da, baina lanarekin, ardurarekin eta ahalegin handiarekin posiblea da oztopo guztiak gainditzea".
5. Miren Zeberio: "Ez da negozio bat. Askatasuna ematen digu nahi ditugun proiektuak ateratzeko"
Euskal Barokensembleren kideetako bat da Miren Zeberio. Enrike Solinisekin batera, haien proiektuak argitaratzeko Erlea argitalpen espazioa sortu zuten 2023an. Zuzeneko ikuskizunetan gehiago inbertitu beharra aldarrikatzen du, eta sortzaile izateak dakartzan erronka ekonomikoen gainean mintzatu zen EnpresaBIDEAn. "Gizakia gizaki denetik, musika existitu da, nahiz eta gizarte honetan ez diogun ematen beharko lukeen garrantzia", zioen elkarrizketan.
6. Pello Aspuru: "Berriztagarriak asko merkatu dira azken 20 urteetan, inork pentsa baino gehiago"
Trantsizio energetikoaren oztopoak izan ditu aztergai Pello Aspuruk bere doktoretza tesian. Gai berean sakontzeko asmoz, urtebeteko doktoretza ostekoa egiten ari da New Yorkeko Unibertsitatean. EnpresaBIDEAn elkarrizketatu genuen irailean. Aspuruk nahiago du “haize errotaz jositako herri bat, uholde eta suteez jositakoa baino”, eta azpimarratu du Estatu Batuetan ikatza energia baliabide kutsakorrena izateaz gain, oso garestia ere badela oraindik. "Alternatiba askoz ere merkeagoak izanik, ikatza da oraindik ere elektrizitate iturri nagusia"
7. Jean-Jacques Carriquiriborde: “Zuberoako ekonomia bultzatu nahi badugu, behar dugu jendea ekarrarazi"
Zuberoako egoera ekonomiaz hitz egiteko parada izan genuen Elkar enpresako sortzaile eta ODACE elkarteko lehendakariari. Garapen ekonomikorako agentzia zuberotarra da ODACE. Lurraldeko gazteek bertan bizitzeko grina dutela uste du Carriquiribordek, baina hainbat erronka ekonomikori egin behar diete aurre, etxebizitzari edo langile faltari, besteak beste. "Horretarako juntatu gara enpresaburuak, errateko zerbait egin behar genuela absolutuki, eta aldatzea lortu dugu".
8. Pedro Muñoz-Baroja: "Gure ekintzailetza ekosistema gaztea da eta denbora behar du hobetzeko"
Ekintzailetza ere bolo-bolo ibili den gaia da 2024an. Muñoz-Baroja Easo Ventures arrisku kapitaleko funts pribatuko sortzaileetako bat da eta BerriUp start-upen azeleragailuko arduradunetako bat. Euskal Herrian ekintzailetza ekosistema hazten ari dela ikusten du. Enpresa proiektu interesgarriak ditugu gurean, baina ekintzailetza kulturak asko duela eboluzionatzeko uste du.
9. Nagore Iriberri: "Gizonek soldata eskaintza negoziatzeko aukera handiagoa dute emakumeek baino"
Negoziazio baten testuinguruan ematen diren genero diferentzien inguruan mintzatu zen Iriberri EnpresaBIDEArekin. Kaliforniako San Diego Unibertsitatean Ekonomian doktorea, 2012tik Ikerbasqueko ikertzailea da eta EHUko irakaslea. Genero eta jarrera ekonomia edota joko-teoria aztertu ikertu ditu bere ibilbidean zehar. "Aukera emanez gero, emakumeek lehiakorrak diren egoerak ekiditeko joera dute; gizonek, berriz ez dute uko egiten, alderantziz, batzuetan halako egoerak bilatzen dituzte", nabarmendu zuen elkarrizketan.
10. Daniel Innerarity: "Europako Batasunaren existentzia baino, haren esanahia da jokoan dagoena"
Europako hauteskundeen atarian, eskuin muturraren gorakadaren aurrean, filosofia politiko eta sozialeko katedradunak Europako Batasunaren etorkizuna izan zuen hizketagai. Bere aburuz, eskuin muturrak azkar ulertu du trantsizioek eragiten duten distortsiotik zer onura lor ditzakeen, aldaketa horiek Europako biztanleriaren sektore ugariren bizi eta lan baldintzei eragiten baitie.