Nazioarteko testuingurua ziurgabea bada ere, “urte oso ona” izan zuen iaz Mondragon Taldeak, Pello Rodriguez presidentearen hitzetan, 11.322 milioi euroko salmentak izan baitzituzten korporazioko kooperatibek, 2024an baino %1 gehiago, eta 618,8 milioi euroko irabaziak bildu zituzten (%1,2 gutxiago).
Iaz, halaber, 1.346 enplegu berri sortu zituzten, eta orotara 71.415 lanpostu dituzte egun taldeko kooperatibek. Datu hori nabarmendu du Rodriguezek “gizartea hobetzea” baitu helburu taldeak, besteak beste, "enplegua sortuz", eta helburu hori bete dutela adierazi du. Era berean, zehaztu du 49 milioi euroko ekarpen soziala egin zutela iaz, euskara, inklusioa, klima eta bioaniztasuna, kultura, osasuna edota kirol egitasmoak babestuta.
Gaur goizean, Arrasaten, 2025aren balantzea egin du Rodriguezek. “Urte konplexua” izan dela aitortu du, nabarmendu baitu muga-zergek eta nazioarteko merkataritza gerrak eragin dutela kooperatiben jardunean, batik bat Txina Europara begira jarri delako, AEBra baino. Gauzak horrela, taldearen industria enpresen salmentak %1,9 murriztu dira, batez ere, AEBetako merkatua "uzkurtu" delako. “Ibilgailuetan ondo ari gara, baina autoentzako ekipo ondasunetan Volkswagen edota Renault ez dira makinaria berrian inbertitzen ari eta hor jaitsiera izan dugu", zehaztu du taldeko buruak.
Banaketaren arloan, 6.403 milioi euroko salmentak eta 62,1 milioi euroko irabaziak lortu zituen Eroskik, eta zorra berregituratzea lortu du. Rodriguezek gogoratu du aurtengoa izango dela, 16 urteren ondoren, akziodunei dibidenduak banatu dizkieten lehen urtea. "Urte bikaina izan da Eroskirentzat", esan du.
Taldeko kooperatibek orotara 71.415 lanpostu dituzte gaur-gaurkoz
Finantzei dagokienez, Laboral Kutxak 305 milioi euroko irabaziak izan zituen, eta Lagun aro EPSVk %6,78ko errentagarritasuna lortu zuen bere inbertsio zorroarekin eta 7.817 milioi euroko ondarea du. “Bankua oso ondo dago eta pisu handia izan du irabazietan", aitortu du Rodriguezek.
Horrekin batera, iaz guztira 406 milioi euroko inbertsioa egin zuen taldeak, 2024an baino %7,8 gehiago. Korporazioaren ezagutza dibisioan, esaterako, 218 milioi euroko inbertsioa egin zuten I+Gn, eta orotara, azken bost urteetan 1.800 milioi euro inbertitu dituzte.
Urtea hasiera ona
2026ko lehen hilabeteetako zenbait datu ekonomiko ere aurkeztu ditu Rodriguezek. "Urtea ondo hasi dugu, baina ezin diogu begia kendu munduan gertatzen denari”. Lehen lau hilabeteetan %2,5 handitu dituzte salmentak, iazko epe beraren aldean. Industriako kooperatibek %1,7 handitu dute fakturazioa eta banaketakoek %3,5. Inflazioa eta Ormuzko itsasartearen itxiera petroliotik eratorrirako materialen igoeran sumatu dutela azaldu du, baina energian, oraingoz, ez dute eraginik sumatu. Gauzak horrela, industrian %3ko hazkundea izatea aurreikusten du taldeak.
Inflazioaren testuinguruan, Eroski erosketaren prezioa ez igotzeko “esfortzu handia” egiten ari dela ere kontatu du.
Lanpostu sorrerari dagokionez, aurten 1.009 enplegu sortzea espero du korporazioak.
Horrekin batera, aurten 15 proiektu nagusi zehaztu ditu korporazioak, eta horietako batzuk nabarmendu nahi izan ditu Rodriguezek, hala nola Zorrotzaurren abiatutako proiektua, zeinetan 20 milioi euroko inbertsioa egin duten, edota ASETT, ekonomia soziala eta kooperatibismoa nazioartera zabaltzeko ekimena.
Enpresa berriak eta "Txina asko"
Iaz sortutako Amets Power Electronics, Innkia eta Orbik konpainiak ere izan ditu hizpide Rodriguezek. Hirurak bide onetik doazela argitu du, eta Orbiki buruz zera gehitu: “Orbik start-up kooperatiboa da. Start-upa lantalde txikiarekin hasi zelako eta kooperatiboa salgai ez dagoelako. Enpresa hazi eta hemen garatzea nahi dugu. Hiru lankide hasi ziren, orain 50 dira, eta kapital handitze bat egin berri dugu". Amets, bestalde, lehen prototipoak diseinatzen ari da dagoeneko.
Fagor Ederlanek Duoli Technology talde txinatarrarekin abiatutako elkarlana ere aipatu du. Fagor Taldeko kooperatibak Leapmotor marka txinatarraren ibilgailu elektrikoarentzat zenbait osagai ekoiztuko ditu, eta Rodriguezek elkarlan eredu gisa jarri du. "Txinaz galdetzen didazue beti, baina Txina asko daude. Enpresa mota asko daude bertan. Batzuekin aliantza teknologikoak egin behar ditugu, guk ez ditugun teknologiak dituztelako, eta beste batzuen kasuan, babestu beharra dugu”.
Mondragon Taldeko industria kooperatibetako zenbait arduradun urtarrilean izan ziren Asiako herrialdean, bertan kokatuta dauden zenbait multinazionalen egoitza eta fabrika bisitatzen. Ekainean ere berriro joateko asmoa dutela iragarri du Rodriguezek, herrialdeko zentro teknologikoak ezagutzera.