Gabon zaharreko eta Urteberri eguneko ajeak igarota abiatu dugun urteari ekiteko unea da. Aldagai makroekonomiko nagusietan aldaketa handirik espero ez bada ere, gero eta zoroagoa den testuinguru geopolitikoak dena hankaz gora jarri dezake, 2025ean ikusi dugun bezala. Etxean, aldiz, errotzea helburu duten eragiketa korporatiboak, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak, zerga araudi berriak eta Europako Next Generation funtsen bukaera izango dira adi jarraitu beharreko alderdi nagusiak.
Etxebizitzen afera: prezioen igoera menderatu ezinik
Etxebizitzaren arazoa gizartearen kezka nagusia bilakatu da 2025ean, eta litekeena da horrela jarraitzea 2026an. Datuen dantza handia izaten da prezioen bilakaera aztertzeko orduan. Hala, TINSA tasazio etxeak emandako informazioaren arabera, Nafarroan prezioek %7,7 egin zuten gora azken hiruhilekoan aurreko urteko datuekin alderatuta. Hego Euskal Herriko igoerarik handiena izan zen. Bizkaian %7,1ekoa izan zen, Araban %4,8koa eta Gipuzkoan eman zen igoerarik txikiena, %3koa.
Notariotzaren Elkargo Nagusiaren datuek, ordea, igoera handiagoa erakusten dute. Eskrituretan jasotako datuak biltzen dituzten notarioek, errealitatearen isla fidelagoa dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoan prezioek %9,6 gora egin dute urrian, urte arteko datuetan. Nafarroan igoera are nabariagoa izan da, %17,2koa. Prezioen gorakadak, ordea, ez du salerosketa kopurua makaldu: %7,6 handitu ziren Nafarroan eta %4,7 EAEn.
Alokairuen merkatuan ere datuak kezkatzekoak dira. Izan ere, ohiko etxebizitzen alokairua gero eta zailagoa izanda, gelen alokairuen eskariak %50 egin du gora 2025ean. 35 eta 50 artekoak dira gela bat baino ezin dutenak alokatu eta bizitegi-pobreziaren kontzeptuak indar handia hartu du.
Urte berria nobedadez josita dator alor honetan. Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Premiazko Neurrien Legea ezarri nahi du 2026ko lehen hiruhilekoan, hiru helburu nagusirekin: tramiteak bizkortu sustapenak azkartzeko, lurzorua mobilizatzeko tresnak bultzatu eta tentsio handiko eremuekin lotutako neurriak indartzea. Tentsio handiko eremuen izendapenek hiru urteko indarraldia dute, eta, udalerrian dauden alokairuen datuen arabera erreferentziazko indize bat osatuko da, etxejabe handiek (10 etxebizitza baino gehiago dutenak) alokairuaren prezioak ezartzeko erabiliko dena. Egun Hego Euskal Herriko hiru biztanleko bat tentsio handiko eremuetan bizi da.
Ipar Euskal Herrian 2024ko urrian indarrean sartu zen tentsio handiko eremuen legea, alokairuei erreferentziazko prezioa ezarrita.
Egun Hego Euskal Herriko hiru biztanleko bat tentsio handiko eremuetan bizi da
Espainiako Estatuan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministroak Casa 47 aurkeztu zuen abenduan, 75 urte arteko alokairuak eskainiko dituen etxebizitza estatu-enpresa berria. 40.000 etxebizitza kudeatuko ditu konpainiak, eta hurrengo urteetan beste 50.000 eraikitzea espero du. Estatuez gaindiko arazoa izanik, Europako Batzordeak ere neurriak hartu ditu eta abenduan Etxebizitza Eskuragarriaren Europako Plana aurkeztu zuen.
Neurri sorta andana, hortaz, aferari aurre egiteko. Ikusteko dago, aldiz, neurri berriek arazoa konpondu edo, sikiera, arinduko duten.
Inflazioa eta interes-tasak, egonkor?
Erosahalmenarena dugu gizartearen beste kezka handietakoa, hiperinflazioen garaiek eraginda. Ez da espero, baina, hegazkortasun handirik prezioen alorrean. Espainiako inflazioa abenduan %3ren bueltan kokatu da, eta 2026an %2,4 eta %2,1 arteko eremuetara murriztea espero da. Garraio publikorako dirulaguntzek, esaterako, inflazioa kontrolatzen lagunduko dute, baina badira prezioen egonkortasuna ezbaian jarri dezaketen hainbat aldagai. Petrolioaren prezioa da nabarmenetakoa, Brent kupela 60 dolarren bueltan kokatuta. Ezusteko handirik espero ez bada ere, AEBetako presidentearen mugimenduei so egin beharko diegu arreta handiz. Iran eta Venezuela begiz jota ditu, petrolio ekoizle garrantzitsuak, eta tentsio geopolitikoek asko tenkatu dezakete merkatua. Larrialdi klimatikoak eta animalien izurriteek ere energia zein elikagaien prezioetan eragin handia izan dezakete. Hauek ere xehe jarraitu beharrekoak.
Ezusteko handirik espero ez bada ere, AEBetako presidentearen mugimenduei so egin beharko diegu arreta handiz. Iran eta Venezuela begiz jota ditu, petrolio ekoizle garrantzitsuak, eta tentsio geopolitikoek asko tenkatu dezakete merkatua
2025ean interes-tasen jaitsiera ikusi badugu ere, bigarren seihilekoan euriborrak gora egin du, modu lausoan bada ere. 2026rako ez da sorpresa handirik espero. Ikusteko dago AEBetako Erreserba Federalak tasak jaisten jarraituko duen, baina litekeena da gehiago ez egitea behera edo zertxobait agian. Europan, aldiz, Europako Banku Zentralak oso mezu neutroak plazaratu ditu. Larrialdirik ezean tasak bere baitan utziko ditu. Bankuarteko merkatuak ere espektatiba horiek jasotzen ditu. Hala, urtebeterako tasa %2,25ean kokatu zen abenduaren 31ean eta bi urtekoa %2,264an.
Hazkunde ekonomikoa: Next Generation Funtsen amaiera
Hasi berri dugun urtean badago gorriz markatu beharreko hilabetea: abuztua. Gasteiz, Bilbo eta Donostiako jaiak direlako? Ez. Europak pandemiaren ondorioei aurre egiteko onartu zituen Next Generation Funtsak abuzturako erabilita edo esleituta egon behar direlako. Diru olde oso handia izan da estatu guztientzat. Espainiako Estatuaren kasuan bere hazkunde ekonomiko nabarmena, Europako hazkunderik handienetakoa azaltzeko gakoa da. Ikusteke dago estatuak hazkunde erritmoari eutsi ahal izango dion. Funtsen deialdi garrantzitsuak espero dira 2026an zehar. Ibilgailu elektrikoen salmentak sustatzeko MOVES plana edo Deskarbonizazio Industrialerako ESEPE berria dira urtarrilean bertan abiatuko direnak. Bi deialdi horiek ezinbestekoak dira izaera industrial garrantzitsua duen Euskal Herrikoa bezalako ekonomia batentzat.
Euskal Autonomia Erkidegorako hazkunde ekonomikoaren aurreikuspena %1,9koa da Eusko Jaurlaritzaren arabera. Laboral Kutxak, aldiz, %1,7ra murrizten du hazkundea eta Nafarroaren kasuan %1,8koa izatea espero du. Bi kasuetan hazkundea Europakoa baino hobea da (%1,1), baina Espainiakoa baino okerragoa (%2).
Datua txarra ez bada ere, baditu azpimarratu beharreko hainbat ñabardura. Eskualdeka zein sektoreka aztertuta desorekak oso handiak dira. EAEn gero eta pisu handiagoa du turismoak, BPGaren %7ko langa gaindituta, baina manufaktura-sektorea eta industria makal dabiltza. Nafarroan ere, manufaktura-sektorearen ahuleziak luze dirau eta zerbitzuek eta nekazaritzako elikagaien sektoreak orekatu dute industriaren gainbehera.
Hego Euskal Herriko industriak esportazioekiko menpekotasun handia du, eta azken hilabeteotako bilakaera ez da ona izan, batez ere Alemaniaren kasuan.
Europa osoa dago Alemaniara begira, hazkundea sendotze aldera. Bere BPGaren %1 inbertitu nahi du Berlinek azpiegituretan eta defentsa alorrean ere gastu esfortzua indartuko du. Autogintza izan da Alemaniako ekonomiaren zutabe nagusietakoa, baina burua ezin altxatu dabil. AEBek ezarritako muga zergek eta Txinako autoen lehiak izugarri kaltetu dute industria. Bruselak erregai fosilen bidezko autoen ekoizpena urte gehiagoz luzatu izanak arnasa eman dio hango industriari, kutsatutako arnasa, hori bai.
Europako beste estatu batzuetan, ordea, gastua murriztuko da Bruselak ezarritako defizit eta zor helburuak betetze aldera. Italia eta Frantzia dira aurrekontua estutu beharko dutenak. Azken horrek, gainera, zailtasun handiak ditu gastu murrizketak Asanblea Nazionalean onartzeko.
Enplegu datuak, sendo
Euskal ekonomiaren daturik sendoenetakoa da enpleguarena. EAEn langabezia-tasa %6,4ra jaistea aurreikusten du Funcas analisi etxeak, estatuko daturik baxuena. Datu horiek bat datoz Gizarte Segurantzako afiliatuen datuekin, inoizko altuenak direlarik. Nafarroan 2026rako langabezia-tasaren aurreikuspena %7koa da. Enpleguak kontsumoari, eta, hortaz, zerga bilketari eusten dio. Datuek, halere, zapore gazi-gozoa dute. Izan ere, familien aurrezki tasak behera egiten jarraitzen duen bitartean, kontsumorako maileguen eskaerak gora jarraitzen du, eta 2026ean %2,1 handitzea espero da.
Familien aurrezki tasak behera egiten jarraitzen duen bitartean, kontsumorako maileguen eskaerak gora egiten jarraitzen du
Kontsumorako joera baikortasunaren seinale da, eta oso agerikoa da EAEko BPGean azken lau urtetan %51etik %59ra igo izana. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2025ean soldatak inflazioaren gainetik igotzeak azaltzen du kontsumorako eta baikortasunerako joera.
Geopolitika, kezka iturri
2025a izan da mundu mailako harreman ekonomikoak hankaz jarri dituen urtea, Donald Trump Etxe Zurira heldu eta gero. Muga-zergen afera hala moduan konpondu zuen Bruselak, %15eko zergak onartuta, baina zalantza handiak daude AEBetako presidenteak bere hitzari eutsiko dion. Erraldoi teknologikoei Bruselak zein Europako hainbat estatuk jarritako mugek eta isunek presidente errepublikanoaren haserrea piztu dute, muga-zerga berrien mehatxua haizatuta.
Bere nazioarteko politika goitik behera aldatu du Etxe Zuriak, kontinente amerikarra ardatz hartuta, eta nolabait 1.823ko Monroe doktrinari berriz ere hauspoa emanda. Hego Amerikan egindako azken hauteskundeek Trumpekin lerrokatutako hautagaiak gailendu baditu ere, oraindik badira bere sokakoak ez diren herrialdeak eta argi dago menderatu nahi izango dituela. Venezuelaren kasua esanguratsuena da, baina Mexikorekiko tentsioa, beste neurri batean bada ere, handitu da nabarmen.
Europaren kasuan harremana asko zaildu da. Alde batetik, Trumpen administrazioak kontinente zaharreko estatuetako barne politikan sartzea lehenetsi du, alderdi ultraeskuindarrak hauspotuz. Zatiketa lortzea du helburu Etxe Zuriak, Europa mundu mailako eragile nagusi gisa aritzea oztopatze aldera.
Trump jakitun da ekonomiaren partidan Txinak lehentasun handia atera diola teknologia berriaren alorrean, eta, batez ere, teknologia zein defentsarako industrian ezinbestekoak diren lur arraroen kudeaketan
Baina bada Europarekiko harremana are gehiago tenkatu dezakeen beste arrisku bat: Groenlandia. Trump jakitun da ekonomiaren partidan Txinak lehentasun handia atera diola teknologia berriaren alorrean, eta, batez ere, teknologia zein defentsarako industrian ezinbestekoak diren lur arraroen kudeaketan. Groenlandia aberatsa da oso mineral horietan, eta horiek bereganatu nahi ditu, indarrez bada ere. 2026rako gako nagusietako izango da, zalantza barik, Danimarkaren uharte autonomoa den Groenladia.
Europa, bestalde, bat-batean ohartu da bere aliatu historikoak izan diren Estatu Batuak ez direla fidagarriak, eta bide orri propioa arakatu behar duela. Merkataritzaren alorrean ihesbide bakarra Mercosurrekin akordioa erdiestea da, mundu mailako merkataritza akordio nagusia sortuko lukeena. Urtea bukatu aurretik sinatzekoa zen akordioa, baina Italia eta Frantziak atzeratzea eskatu dute, nekazarien presioak direla eta. Ikusteko dago akordioa berretsiko den.
Eragiketa korporatiboak eta errotzea
2025, zalantza barik, eragiketa korporatiboen urtea izan da Euskal Herrian. Bilbon egoitza duen BBVAk Sabadell bankua eskuratzeko Erosteko Eskaintza Publikoak porrot egin zuelako batetik, eta, bestetik, errotzea bermatzea helburu duten hiru eragiketa nagusi gauzatu direlako: Talgo, Uvesco eta Ibermáticarena zen Ayesaren teknologia negozio-unitatearena. Hiru eragiketetan Jaurlaritzaren finantza tresnekin batera (Finkatuz funtsa batez ere), Kutxabanken ekosistemako erakundeak egon dira. Alde batetik, Kutxabankek sortutako Indar dago, partaidetza industrialak gauzatzeko tresna, Donostian egoitza duena. Eta, bestetik, Kutxabanken akziodun diren BBK eta Vital banku fundazioak.
BBK Fundazioak Unai Rementeria presidente berria duela ekingo dio urte berriari. Pentsatzekoa da orain arteko ildo nagusiei eutsiko diela, baina litekeena da aldaketak ere egitea. Vital Fundazioaren kasuan, 2025a urtemuga garrantzitsu batekin bukatu zuen, 175 urte beteta, Euskal Herriko finantza eragile zaharrena izanik. Askok Kutxa Fundazioa ere eragiketa korporatiboen ekuazio horretan sartzen bazuten ere, kanpo gelditzea erabaki zuen, bere estrategia propioari jarraituz.
Euskal Finantza Aliantzak 3.900 milioi euroko inbertsio publikoa aurreikusten du 2028 bitartean, modu horretan diru pribatutik eratorritako beste 12.000 milioi euro mugitzeko
Enpresen errotzea bermatzeko finantza-aliantza sortu du Eusko Jaurlaritzak, EAEko finantza erakunde nagusiak bilduta. Dagoeneko urratsak eman baditu ere, eragiketa berriak espero dira 2026rako. Zeregin horretan funtsezkoak izango dira BGAE Aurreikuspen Sozialerako elkarteak. 32.000 milioitik gorako ondarea dute euskal pentsio planek eta Pradales lehendakariak behin eta berriro eskatu die diru hori euskal enpresetan inbertitzeko, errotzea bermatze aldera. Euskal Finantza Aliantzak 3.900 milioi euroko inbertsio publikoa aurreikusten du 2028 bitartean, modu horretan diru pribatutik eratorritako beste 12.000 milioi euro mugitzeko. BGAEek berebiziko zeregina izango dute helburu horrekin. Ikusteko dago 2026an lehen urratsak nola emango diren.