2025. urteko balantzea egin du gaur Tecnalia ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak. Alex Belaustegui presidenteak eta Jesús Valero zuzendari nagusiak aurkeztu dituzte datuak, eta adierazi dute urtea ezegonkorra izan zen arren (tentsio geopolitikoen ondorioz, batik bat) zentro teknologikoak “markak hautsi” dituela.
Izan ere, zenbateko baikorrak eskuratu zituen Tecnaliak: jarduera %3,1 handitu zuen, 4.759 soluzio teknologiko garatu zituen 1.962. enpresentzat, fakturazioan %5,4ko hazkundea izan zuen 156 milioi eurora iritsita, eta zentroaren jarduerak 914 milioi euroko BPGa sortu zuen EAEn. Aurkezpenean gogorarazi dute taldea osatzen duten 1.512 aditutatik %43 emakumeak direla, eta ardura-karguen %45 betetzen dituztela; gainera, “kalitatezko enplegua sortzen” jarraitu zuen zentroak, eta 13.258 enplegu mantendu zituen 2025ean.
Jabetza intelektualei eta patenteei dagokionez ere, zentro teknologikoa “Europako erakunde nagusien artean” mantendu da: jabetza intelektualen salmenten bidez 7,2 milioi euro baino gehiago eskuratu zituen, eta 8,75 milioi euroko fakturazioa lortu zuten zenbait deeptech start-up eta oinarri teknologikoko enpresa berri sortu zituen.
2025eko mugarri garrantzitsuenak zein izan ziren ere oroitarazi dute aurkezpenean: Donostiako Mubil poloaren sorrera, suteen eskala handiko saiakuntzak egiteko baimena lortu duen Europako laborategi bakarra bilakatzea, Quantum Lab martxan jarri izana, eta Proactive Factory Lab fabrikazio aurreratuko laborategiaren inaugurazioa.
Azkenik, etorkizunera begira jarri dira Belaustegui eta Valero: “Gure lehentasuna da BPGn, industria sarean, haren fakturazioan eta sortutako enpleguan dugun eragina areagotzea”, zehaztu du presidenteak. Tecnaliak 2025-2027 Plan Estrategikoarekin jarraituko du, helburu izanik beti ere “enpresen teknologia-transferentzia bultzatzea, talentua erakarri eta garatzea, eta hainbat sektoretan aurrea hartzea”.