Harilkatutako esker ona

Nire burua oraindik ere joan den urteko Gabonetan dudala iritsi dira aurtengoak. Urtea ziztu bizian igaro dela ezin ukatu, edo ez nire kasuan, behintzat. Azken ordukoetan, titularretan, gainbegiratu behar diren artikuluetan eta kazetaritzak eskatzen dituen beste hainbat lanetan joan zait 2023a ohartzerako. Baina tira, har dezagun denboratxo bat data hauetan egiten den hori guztia egiteko: atzera begira jarri eta urteak ekarri digunaz hausnartzeko; eskerrak emateko; urte berrian datorrenaz pentsatzeko. Eta zergatik ez iragana eta etorkizuna artikulu forman harilkatu, esker onak eman asmoz?

Nondik hasi, hori da gakoa. Euskal gizartea lehiakorra ote? galdetzen zuen Luis Aranberri Amatiñok duela aste gutxi. Agian hori izan daiteke abiapuntu egokia. Edo bestela, denon ahotan izan den ekonomiaren moteltzea. Barne Produktu Gordina gora, eta, batez ere, Barne Produktu Gordina behera. Herrialde bateko ekonomia islatzeko ezinbesteko ezaugarria dela argi geratu zaigu hamaika analisietan. Baina nola egiten du hori? Arkaitz Urdapilleta Irazuk eman zuen giltza

Ekonomiaren moteltze hori ez da testuinguru erraz baten iritsi. Ondo bidean, ez du zerikusirik izango Lehman Brothersen porrotak utzitako itzal luzearekin. 15 urte bete dira aurten, eta ondorioak egun ere ikus ditzakegu Joanes Marquet Lopetegik jaso bezala.

Dena den, langile asko jubilatuko direla jakina da, eta belaunaldi aldaketak erronka suposatzen duela enpresetan, baita talentua erakartzea ere. Nola heldu? Ander Retolaza Delgadok topatu zuen modua, erreportaje formatuan. Eta nola ez heldu? Greziako gobernuak egin bezela: hark onartutako lan-erreformak legez onartu du langileek 13 orduz lan egitea —zortzi toki batean, eta beste bost gehienez bestean—. "Lana ulertzeko moduan funtsezko aldaketa bat gertatu den guztietan arau sozialak (eta marko politikoa) ere aldatu egin dira. Kontuz gero: aldaketak ez du zertan hobekuntza esan beharrik", zioen Pilar Kaltzada Gonzalezek artikulu honetan.

Nondik jarraitu? Adimen artifizialak izango du erantzuna, seguru. Erantzun erregulatua, printzipioz, 2024tik aurrera, behintzat Europan AI Act delakoari esker. Ezin uka hainbat lanpostu desagerrarazteko izan dezakeen arriskua jarri dela mahai gainean behin eta berriro. Zineman, adibidez. "Esan nahi al du horrek makinek gidoilariok ordezkatuko gaituztela? Ezezkoan nago. Beharbada inoiz imajinatu ez dugun forman espresatzera lagunduko gaituen tresna (izango) da", argitu zuen Joseba Gorordo Jauregik.

Gainera, adimen artifiziala tresna nahiko berria izanik ere, beste askotariko berrikuntzetan dauden "lau paradoxa klasikoetan" ikusi zuen hura azaltzeko gakoa Joseba Lakak: produktibitatea vs. AAren paradoxa, Moravecen paradoxa, Jevons Paradoxa eta Wirthen legea. Eta mundu hiperkonektatuari aurre egiteko pentsamendu konputazionala lantzearen garrantzia nabarmendu zuen Mari Luz Guenagak: "Trebetasun hori funtsezkoa da, ez bakarrik lanbide teknologiko bat garatzen duten pertsonentzat, baita gizarte hiper-teknologiko honetan denok modu informatu eta kritikoan moldatzeko ere".

Trantsizio digitalaren eskutik dator, era berean, trantsizio jasangarri edo ekologikoa. Klima aldaketaren eta haren ondorioak ere sarri ikusi ditugu 2023an, besteak beste, uholde eta lehorteetan, baita haiek sortutako suteetan ere. Egoera horrek ezjakintasunak areagotuko dituen askotariko agertokiak ekartzen ditu. Eta herritarrontzat ez ezik, aseguruentzat ere ekarriko duenaz hausnartu zuen Elisa Sainz de Murietak.

Trantsizio demografikoaren esparruan, bestalde, bada talentuaren kudeaketaz harago beste arazo bat: zenbait guneetan gertatzen ari den despopulazioa. "Nafarroako herrien hustea geldituko delako itxaropena dut, eta honenbestez, 1980an argitaraturiko katalogoak ez dezala jarraipenik izan, alegia, bigarren alea sekula ez dadila argitaratua izan", nabarmentzen du esperantzaz Ainhoa Elizalde Ojerrek.

Eta nola egin aurre 2024ak ekarriko duenari?

Teknologia esparruan, ez ahaztu Merkatu Digitalaren eta Zerbitzu Digitalen Legea bete beharko dutela enpresa teknologiko handiek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera. Xehetasunak Alejandro Juez Latatuk aztertu ditu, eta erabiltzaile bezala zenbait eskubide erregulatzen ditu.

Kriptoen munduan, MICA sartuko da indarrean, Europako kriptodiruen industria erregulatuko duena. "Araudi aitzindaria da mundu mailan, baina ez dio kriptoen esparru guzti-guztiari eragiten". Xele Olaizola Azurmendik aletu ditu araudiaren nondik-norakoak.

Finantzetan, zor publikoaren eta defizitaren erronkari egin beharko diete aurre gobernuek, orain arteko salbuespenezko arau fiskalak alde batera utzita. Maiatzean egin zuen Niko Cuenca Beristainek analisia, eta neurriak eta betebeharrak dagoeneko ezarri badira ere, gaurkotasuna mantentzen jarraitzen du.

Politika esparruan, gogoan izan hauteskunde kanpainak izango ditugula bueltan, bai Eusko Legebiltzarrekoak, bai Europakoak. Une aproposa Ioritz Madariaga Goiriren hitzak berreskuratzeko: "ezinbestekoa da agintariek ikuspegi eraikitzaileagoak eta iraunkorragoak hartzea epe luzeko erronkei aurre egiteko, eta hautesleok jarrera fiskal arduratsuak saritzea". Zergatik? Bestela, Marmotaren Egunaren buklean erori gaitezkeelako berriro.

Enpresa esparruan, aniztasun-planak errealitate bihur daitezke aurki, berdintasun-planen derrigortasunaren ostean. Aitzitik, badira dagoeneko zenbait lege aniztasun-plan hori ezartzea erraztu dezaketenak, Javier Arrieta Idiakezek azaldutakoaren arabera.

Eta unibertsitatearen esparruan, agian lehen urratsak eman litezke lehia hizpide duten unibertsitateen rankingak atzera uzteko. "Horretarako, irakasleok boliko dorrea utzi eta, ikasleekin batera (haiek izango baitira beharrezko aldaketaren etorkizuneko eragileak), gure ikasgelen lasaitasunari uko egin eta kalera irten beharko genuke, ziurgabetasuna besarkatuz. Eta errealitatearekin dantza egiten ikasi", adierazi zuen Edu Malagon Zalduak.

Aparteko aurreikuspenak egitera ez naiz ausartzen, ordea. Iragarle delakoek ere ez dute asmatu azken 2023an gertatuko zena, eta gainera argi dio Axier Garate Azpitartek, inbertsioen munduaren testuinguruan: "Ironikoki, lehen arazoa da norberaren hutseginkortasunaren ebidentzia ez izatea, ibilbide oparoa izanagatik ere. Bigarrena, iragarpen oso publikoak egitea". Beraz, iragarpenik ez, ezta borondatezko eskupeko baten truke. Gogoratu baitezagun, une batez atzera eginez, derrigorrezko eskupekoaren auzia ere izan dela 2023an denon ahotan. "Eskupekoak behar badira langileei soldata duin bat ordaintzeko edo negozioa bizirik mantendu ahal izateko, agian arazoa zerbitzuari eman zaion balioan (prezioan) egon daiteke", zioen Amaia Zumeaga Hurtadok.

Argi dago hobetzeko asko dugula oraindik. "Ekonomia giza beharrak asetzeko baliabideak nola kudeatzen diren edo kudeatu behar diren aztertzen duen zientzia bada, orduan oraindik ikasteke dugun ikasgaia da", plazaratzen zuen Amaia Oleaga Agestak. Baina mundua goitik bera eraldatzeko aukera gutxi ditugunez, has gaitezen norbere buruagatik.

Ezer baino lehen, aldarrikatu dezagun gertutasune. "Gabonetako aldarri hutsaletatik haratago, gertutasuna balore bat da, enpresan zein bizitzan. Zerbitzu edo produktu emaile garenez oso kontutan izan beharko duguna, eta bezero garenez, hautu kontziente eta arduratsuak egiten gauzatu beharko duguna", mahaigaineratu zuen Elena Laka Muñozek.

Behin hori argi izanda, baliteke 2024 buruan hainbeste denboran izan duzun proiektu hori martxan jarri nahi izatea, baina ez ahaztu zure buruari galdetzeaz ekiteko prest al zauden. Xabi Murua Agirianok hori aztertzeko zenbait gako eman zituen. Eta zure ekarpena egin nahi baduzu, baina non egin ez badakizu, euskararen esparruan eraldaketarako liderrak behar dira: "Euskararen presentzia eta erabilera nabarmen areagotuko badira, euskaraz bizitzeko helburuari lehentasuna emango dioten pertsonen lidergoa behar da", aldarrikatzen zuen Rober Gutiérrez Mateosek.

Azkenik gomendio bat, eskatu ez didazun arren, irakurle. Lan-legediak ezartzen du deskonexio digitalerako eskubidea, oraindik egiteko bide luzea badu ere Josu Uriguen Uribek jasotakoaren arabera. Beraz, artikulua irakurri ondoren, espero dut atseden hartzera joatea, eta ahal baduzu, deskonexio digitalaz gozatzera. Zure eskubidea badelako. Eta oporrak izatekotan, hementxe jasangarriak izan daitezen Jon Olaizola Alberdiren zenbait gomendio. Urte berri on!

Artikulu hau egunero, astero, hilero edo maiztasun jakin batekin EnpresaBIDEAn 2023an idatzi duten kide, kolaboratzaile eta boluntarioen artikuluekin josi da. Esker bereziak, era berean, egunerokoaren parte diren Karolina Sainz de Bikuña Irigoieni eta Borja Lopez Cárdenasi, bata Kataluniako lan-taldeari ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK